Itxi

KORONABIRUSA

Nafarroako Gobernuak beste zazpi egunez luzatu ditu COVID-19aren neurri murriztaileak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Ostalaritzako saltokiek 22:00etarako itxi beharko dute eta beren edukiera % 50era murriztuko da, % 40ra, aldiz, merkatal zentroetakoa.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

COVID-19aren kutsatze kurba apaltzeko irailaren 11n indarrean sartu ziren neurri murriztaileak zazpi egunez luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, pasa berri den gauerditik urriaren 8ra arte (biak barne). Lehendik ezarritako murrizketei berriak gehitu zaizkie ostalaritzako eta merkataritza-zentroetako edukierari dagokionez. Halaber, Nafarroako Gobernuak San Adrian konfinatuko du, COVID-19ari aurre egiteko, ostiraletik larunbaterako gauerdian.

Atzo, osteguna, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, Nafarroa osoan aplikatuko diren neurri murriztaileetan bi aldaketa aurreikusten dira, txikizkako saltokietarako eta merkataritza-zentroetarako edukierei dagokienez.

Lehenengo kasuan, txikizkako merkataritza-establezimendu eta lokalek eta jendearentzat irekita dauden jarduera eta zerbitzuek, merkataritza-zentroei lotuta ez badaude, ezingo dute baimendutako gehieneko edukieraren % 50 gainditu. Lokal horiek solairu batean baino gehiagotan banatuta badaude, solairu bakoitzean dagoen bezeroen proportzioa mantendu beharko da.

Merkataritza-zentro horien parte diren establezimenduei dagokienez, ezin izango da zentro bakoitzaren autobabes-planean beren eremu komunetan eta jolas-eremuetan baimendutako gehieneko edukieraren % 40 gainditu. Merkataritza-zentro horietan kokatutako saltokiek ere ezingo dute baimendutako gehieneko edukieraren % 50 gainditu.

Bi establezimendu mota horietan, nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira pertsonen arteko segurtasun-tartea (gutxienez 1,5 metrokoa) eta maskararen erabilera bermatzeko. Era berean, 65 urtetik gorako pertsonei lehentasunezko zerbitzua emango zaie.

Bestalde, arau berriak jasotzen duenez, gehienez sei pertsonak parte hartu ahal izango dute izaera pribatu sozial edo familiarreko edozein elkartze edo bileratan, elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan izan ezik.

Neurri hauek indarrean egongo dira zazpi egun naturaleko epean. Dena dela, neurri horien gaineko etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo da, behar izatekotan, luzatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (6)