NOBEL SARIAK
Hasi da Nobel sarien banaketa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datozen sei egunetan jakingo da zein diren aurtengo Nobel saridunak. Guztira, 187 izan dira aurten izendatuak.
Gaur, urriak 5, hasi da sei egun iraungo duen 2020ko Nobel sarien iragarpen-sorta. Medikuntza eta Fisiologiako sariarekin hasi da, Stockholmeko Karolinska Institutuak Harvey J. Alter, Michael Houghton eta Charles M. Rice ikertzaileei eman die saria C hepatitisaren birusa aurkitzeagatik. Fisikakoa eta Kimikakoa izango dira ondoren, hilaren 6an eta 7an; Literaturakoa, hilaren 8an, ostegunean; Bakearena, hilaren 9an, ostiralean, eta, azkenik, Ekonomiakoa, hilaren 12an, astelehenean.
Aurreko urteetan bezala, eta arauen arabera, sari guztiak Stockholmen jakinaraziko dira, Bakearena izan ezik, Oslon jakinaraziko baita.
Iragarpen sekuentzia aurreko urteetako bera izango den arren, formatuari dagokionez aldaketak izango dira, antolatzaileek edukierak eta ospakizunak murriztu behar izan dituztelako, bizi dugun pandemia dela eta.
Iragarkiak formatu birtualean egingo dira, eta hamar kazetarik parte hartuko dute aretoan. Gainera, ehunka gonbidatu, errege-erregina eta aurreko edizioetako sarituekin egin ohi diren zeremoniak bertan behera utzi dituzte, baita Alfred Nobelen urteurrenean (abenduaren 10a) egiten den sari-emate eguneko kontzertu eta oturuntzak ere.
Nobel Batzordeak bertan behera utzi ditu Stockholmeko gala guztiak. Bakearen Nobel sariaren kasuan, Oslon, publikoarentzako edukiera murriztuta duen leku bat du hartuta, unibertsitatean.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, guztira 187 hautagai daude aurten, eta horietako 40 lehen aldiz proposatu dituzte. Aurretik noizbait hautatu dituztenen artean, Thomas Pynchon, Richard Ford eta Margaret Atwood anglo-saxoiak, Hans Magsnus Enzensberger alemaniarra eta Michel Houellebecq frantziarra nabarmentzen dira.
Bakearen Nobel saridunaren kasuan, aurten ez dago faborito argirik. Guztira 211 pertsona eta 107 erakunde izendatu dituzte saria jasotzeko, tartean Donald Trump AEBko presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea.
Hautaketa-prozesua berdina izan da kategoria guztietan: zientzialariek, akademikoek eta unibertsitateko irakasleek hautagaiak izendatu dituzte, eta, ondoren, Nobel batzordeek hainbat baheketa egin dituzte irabazlea edo irabazleak aukeratzeko (sari bakoitzeko hiru, gehienez).
Aurten, saridunek 10 milioi koroa suediar (956.786 euro) eskuratuko dituzte, aurreko urtean baino milioi bat gehiago. Saritu bat baino gehiago duten kasuetan, saria sarituen artean banatuko da.