Zaldibarko zabortegia
Zaldibar Argitu herri-akusazioa izango da zabortegiko luiziari buruzko epaiketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrez gain, datorren ostegunean mobilizazioa egingo dute Zallan, zortzi hilabeteren ondoren Joaquin Beltranek zabortegiko hondakin artean desagertuta jarraitzen duela salatzeko.
Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herri-akusazio gisa aurkeztuko dira Zaldibarko zabortegiko luiziari buruzko epaiketan. Ezbeharra otsailaren 6an gertatu zen eta bi langile hil ziren: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran.
Bi erakundeetako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Durangoko epaitegiaren aurrean, eta "kalean erakutsitako kezka eta indarra auzitara eramateko garaia" dela azpimarratu dute.
"Oraindik orain, bai enpresaren jabeak bai zabortegiaren gaineko kudeaketa negargarrian ardura zuzena duten erakunde publikoak eskuak garbitu nahian dabiltza", salatu dute. Hortaz, "herri konpromisoagatik eta gertakariaren larritasunagatik, herritarren ahotsa epaiketan presente egon behar dela uste dugu, interes orokorraren alde egingo duen ikuspuntua bermatzeko", erantsi dute.
Gauzak horrela, Zaldibarko zabortegiko luizia argitzeko epaiketan herri-akusazio gisa aurkeztea erabaki dute bi erakundeek.
"Langileek, herritarrok eta ingurumenak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu. Ez diezaiegun utzi orain arte moduan eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen", adierazi dute.
Horrez gain, epaiketak eragingo dituen gastuei aurre egin ahal izateko diru-bilketa kanpaina bat jarriko dute martxan.
Bestalde, datorren ostegunean mobilizazio bat egingo dute Zallan, zortzi hilabeteren ondoren Joaquin Beltranek zabortegiko hondakin artean desagertuta jarraitzen duela salatzeko eta hilotza bilatzen jarrai dezatela eskatzeko.