Itxi

GERTAKARIA

Udaltzaingoak Gasteizko gaztetxea hustu eta 40 pertsona salatu ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gaztetxeko kideek ziurtatu dute udan hasi zirela COVID-19ari aurre egiteko prebentzio, segurtasun eta garbitasun neurri guztiak betetzen, eta "arrazoi politikoak" daudela guztiaren atzean.

Gasteizko Gaztetxea. Argazkia: EiTBren artxiboko irudia

Gasteizko udaltzainek gaztetxea hustu dute astelehen honetan, arratsaldeko azken orduan, eta 40 pertsona salatu dituzte.

Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 20:00ak pasata, Gasteizko Alde Zaharrean zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek lokala irekita zegoela ikusi zuen eta barruan jendea zegoela.

Udaltzainek lokalaren barruan zeuden 40 pertsona identifikatu zituzten, eta salaketa jarri zieten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren agindua betez. Agindu horrek gazteen lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan jarduera oro debekatzen du.

Udaltzainek gaztetxeko arduraduna identifikatu zuten, eta, eraikina hustu ostean, itxita geratu zen.

"Arrazoi politikoak"

Gasteizko gaztetxeko kideek, euren aldetik, ziurtatu dute udan hasi zirela COVID-19aren kutsatzeari aurre egiteko prebentzio, segurtasun eta garbitasun neurri guztiak betetzen, eta astelehenean udaltzaingoak identifikatu eta salatu zituen pertsonak areto ezberdinetan bilduta zeudela, protokolo propioak ezarritako segurtasun neurriak betez.

Gasteizko gaztetxeko ordezkariek prentsa agerraldia egin dute astearte honetan, bezperan gertatutakoaren berri emateko. Agerraldian nabarmendu dute gaztetxeak 30 urte daramatzala jarduera politiko, sozial eta kulturalean, eta deitoratu dute udaltzaingoak oraindik "gazteen lokaltzat" jotzen duela.

Osasun arrazoiak "aitzakia" bezala erabilita, asteleheneko jazoeraren atzean "arrazoi politikoak" daudela adierazi dute, eta "jarduera legala" duten beste gune batzuek hartutakoen antzeko prebentzio neurriak ezarri dituztela esan dute berriro.

Agerraldia bukatzeko, gaztetxea defendatzeko deia egin dute, "bertan egiten den lan politiko, soziala eta kulturala deslegitimatu nahi dutenen aurrean".