Itxi

Koronabirusa

Astebetez luzatu dituzte COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak Nafarroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Nafarroako Gobernuak esan du egoerak hobera egin duela Azkoienen, Faltzesen eta Funesen, baina ohartarazi du orain beste udalerri batzuk daudela jomugan.  

Udalaren garbiketa zerbitzua Azkoiengo kaleak desinfektatzen. Artxiboko argazkia: EFE

COVID-19aren pandemia geldiarazteko neurri murriztaileak beste astebetez luzatuko dituzte Nafarroan. Hala erabaki du Nafarroako Gobernuaren Osasun departamentuak. Atzo, 3.165 PCR proba egin eta 253 kasu positibo detektatu zituzten.   

Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak esan du Azkoienen, Faltzesen eta Funesen egoera hobera egiten ari dela, baina ezinbestekoa dela "beste ahalegin bat" egitea eta horregatik erabaki dutela neurri murriztaileak mantentzea.

San Adriango egoera bihar aztertuko dute, baina aurreratu du udalerri horretan ere pandemiaren bilakaera positiboa dela.

Hala ere, Artundo ohartarazi du beste herri batzuk ere badaudela "jomugan", batez ere Erriberan, eta erantsi du aste honetan emango dituztela datu zehatzak.

Horrez gain, eta Iruñeko auzo bateko taberna batean gertatu zenari aipu eginez, gogora ekarri du ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizunak mugatzea derrigorrezkoa dela.  

Zahar-etxeetako egoerari dagokionez, Artundok azpimarratu du hainbat agerraldi PCR probak eta test serologikoak egin ostean agertu direla. "Horrek erakusten du testak egitea ez dela nahikoa, prebentzio neurriak hartuko ez badira", ohartarazi du.

Azkoiengo egoitzan 52 egoiliarretatik 49 kutsatu direla eta, zuzendari nagusiak esan du "ikerketa serio eta ofizial baten zain" daudela, "zer gertatu den jakiteko".

Bestalde, Marian Nuin Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuko zuzendariak nabarmendu du azken egunetan kasu positiboen tasak behera egin duela, "astiro, baina etengabe".

Hala, azken astean 2.001 positibo detektatu dituzte, eta 126 pertsona eraman dituzte ospitalera. Zaintza berezietarako unitatean, plazen % 18,60 daude okupatuta.

Kutsatutako lagunen adinari dagokionez, gora egin du 75 urte baino gehiago dituzten pertsonen kopuruak, "eta hori ez da albiste ona", ohartarazi du Nuinek.

Halaber, Tutera inguruan positibo kopuruak berriro egin duela gora esan du. Iruñean eta Lizarran, berriz, joera beherakoa da.  

 

 

 

Albisteak (2)