saria
Elikagaien Mundu Programak irabazi du Bakearen Nobel saria
AGentziak | Erredakzioa
"Gosearen kontra borrokatzeko, gatazka eremuetan bakearen alde egiteko eta gosea gerra arma ez bilakatzeko egindako lana" goraipatu du Nobelaren batzordeak.
Elikagaien Mundu Programak (WFP, ingelesez) irabazi du aurten Bakearen Nobel saria, Norvegiako Nobelaren Batzordeak gaur iragarri duenez. Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzia munduan goseari aurre egiteko eta elikagaien segurtasuna sustatzeko dagoen erakunde humanitario handiena d. Iaz 88 herrialdeko 100 milioi laguni laguntza eskaini zien.
Programak "gosearen aurka borrokatzeko egindako ahalegina, gatazka eremuetan bakearen alde egindako ekarpena eta gosea gerra arma bilakatzea saihesteko egindako lana" goraipatu du Batzordeak.
Epaimahaiak gogoarazi duenez, Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat da gosea desagerraraztea, eta 2019an 135 milioi pertsona zeuden munduan goseak jota, "azken urteotako kopururik handiena", eta gehienbat gatazka eremuetan. Hain justu, gosea eta gatazka lotuta daudela azpimarratu du Nobelaren batzordeak: "gosearen eta gatazken arteko lotura gurpil zoroa da".
"COVID-19aren pandemiak handitu egin du gosearen biktimen kopurua", erantsi du batzordeak, eta "Elikagaien Mundu Programak larrialdi egoeran ere lanean jarraitzeko erakutsitako ahalmen izugarria" goraipatu du. Horren ildoan, erakundearen leloarekin bat egin du: "Txertoa egon arte, elikagaiak dira kaosaren txerto onenak".
Epaimahaiak azpimarratu du zein garrantzitsua den programa horren modukoek dirua jasotzea. "Mundua gosearen krisiaren atarian dago Elikagaien Mundu Programak eta tankerako erakundeek behar duten babes ekonomikoa ez badute", ohartarazi du, eta Yemen, Kongo, Nigeria, hegoaldeko Sudan eta Burkina Faso bezalako herrialdeetan dagoen muturreko egoera aipatu du.
BREAKING NEWS:
— The Nobel Prize (@NobelPrize) October 9, 2020
The Norwegian Nobel Committee has decided to award the 2020 Nobel Peace Prize to the World Food Programme (WFP).#NobelPrize #NobelPeacePrize pic.twitter.com/fjnKfXjE3E
Elikagaien Mundu Programak saria eskertu du Twitterren eskegitako mezu batean. Nabarmendu duenez, "bakea eta goserik eza eskutik elkar emanda daudela gogorarazteko balio du sariak".
WFP is deeply humbled to receive the 2020 #NobelPeacePrize.
— World Food Programme (@WFP) October 9, 2020
This is in recognition of the work of WFP staff who put their lives on the line every day to bring food and assistance to more than 100 million hungry children, women and men across the world. pic.twitter.com/cjHOtqLcLk