Itxi

Koronabirusa

Lau hildako eta 449 positibo Nafarroan, egun bakarrean jasotako kopururik altuena

eitb.eus

Leer en Castellano

EAEn apur bat igo dira gela ospitaleratzeak: 458 kasu berri, 37 ospitaleratze gela arruntetan eta 52 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

COVID-19aren bilakaera Euskadin nahiko egonkor mantentzen da; izan ere, azken 24 orduetan EAEk 458 kutsatu berri (4 gehiago) atzeman ditu ostegun honetan egindako 9502 PCR probetan. Ospitaleko eguneroko ospitaleratzeek gora egin dute azken orduetan, eta zainketa intentsiboetako unitatean dauden pazienteek ere gora egin dute. Hala ere, kutsatzeen bilakaera egonkorra da.

Ostegunean egindako PCR proben % 4,8 positiboak izan ziren, asteazkeneko % 4,4a baino gehiago, baina azken egunetakoaren antzera; izan ere, 458 positibo atzeman zituzten asteazkenean eta proba gehiago (10.314 PCR) egin ziren, Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Koronabirusaren erreprodukzio-indizea, R0a, ostegunean bezala, 1etik gora mantentzen da (1,04).

Ospitale-presioari dagokionez, hiru egunez beheranzko joera izan ondoren, gela arruntetako ospitaleratzeen kopuruak gora egin du eta zainketa intentsiboetako unitateetan daudenen kopuruak ere gora egin du asteazkenekoekin alderatuta, nahiz eta aurreko egunetan antzeko zifrak edo txikiagoak izan.

Guztira, 289 herritar daude ospitaleratuta Euskadin, aurreko eguneko buletin epidemiologikoan zenbatutakoak baino 3 gehiago.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 199 positibo (4 gehiago) zenbatu dituzte; Gipuzkoan 191 (1 gutxiago) eta Araban 61 (3 gehiago). Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren zazpi pertsonek positibo eman dute, eta aurreko egunean bederatzi izan ziren.

Euskal hiriburuetan daude kasu gehienak. Gasteizen 47 zenbatu dituzte, aurreko egunetan bezala; Bilbon, 67, aurreko egunean baino 10 gutxiago; eta Donostian, 36, ia kopuru bera.

Gipuzkoan ere kasu gehiago izan dira Irunen, 25, azken egunetan 11 eguneko kopurua gainditu ez bada ere.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak, pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Azpeitian asteazkenetik eta Sansomendin ostegunetik egiten ari diren baheketa masiboen inguruan, buletinak oraindik ez du datu garrantzitsurik jaso.

17 eta 60 urte bitarteko herritarrei zuzendutako test horiei dagokienez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, gripearen kanpainaren aurkezpenean, esan du ez litzatekeela zuhurra izango bi baheketaren balorazioa egitea proba guztien emaitza jakin barik.

Ez du zehaztu nahi izan proba masibo horiek EAEko beste herri batzuetara zabalduko diren ala ez. "Ikusiko dugu. Lehenengo bien ondorioek teknika onuragarria dela erakusten badigute, herri bakoitzaren egoera ikusita egingo lirateke ", erantzun du.

458 kutsatze berrietatik, gehienak (181) 40 eta 64 urte bitartekoen artean erregistratu dira, eta beste 118, 19 eta 39 urte bitartekoen artean.

80 urtetik gorakoen artean, aldiz, 23 kasu izan dira; 35 65 eta 79 urte bitartekoen artean eta 94 0 eta 18 urte bitartekoen artean.

BIDEOA: Kutsatze-tasa altua duten herrietan baheketa masiboak egitea onartu du Legebiltzarrak 

99 ikasgela itxi dituzte ostiral honetan Euskadin, aurreko egunean baino zortzi gehiago, hau da, 2 urtetik derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitariora arte ikasturte honetan dauden eskolen % 0,56.

Hiru hildako gehiago Gipuzkoako egoitzetan, eta bat Araban

Azken orduotan hiru pertsona gehiago hil dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza-sarean, eta 32ra igo da pandemiaren bigarren olatuan COVID-19ak jota hil diren erabiltzaileen kopurua, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

Hildakoetako bi Bergarako Mizpirualde zentroan bizi ziren, eta hirugarrena Donostiako Alai Etxen; Errenteriako Jesusen Bihotzeko pertsona batek eta Mizpirualdeko beste batek, berriz, gaixotasuna gainditu dute.

Gipuzkoako 65 erresidentzietatik bostek dituzte COVID-19 kasuak: Hernaniko Santa Maria Magdalena (8), Errenteriako Jesusen Bihotza (3), Donostiako Alai-Etxe (26), Bergarako Mizpirualde (13) eta Donostiako La Paz (1).

Bestalde, COVID-19arekin kutsatutako eta Gasteizko Florida Etxea adinekoentzako etxebizitza komunitario pribatuan bizi zen pertsona bat hil da azken orduetan ospitalean.

Bizkaiko adinekoen egoitzetan ez da erabiltzailerik hil COVID-19aren ondorioz azken bi egunetan, eta koronabirusak kutsatutako adinekoen eta langileen kopuruak behera egiten jarraitu du.

12.788 kutsatu eta 241 heriotza gehiago Espainiako Estatuan

Espainiako Osasun Ministerioak 12.788 koronabirus kasu gehiago jakinarazi ditu, horietatik 5.986 baieztatu dira azken 24 orduetan (horien % 37,6 Madrilgoak dira), guztira 861.112 dira, eta hildakoak 32.929 dira, 241 heriotza gehiagorekin.

Nafarroako egoera

Lau pertsona hil ziren ostegun honetan COVID-19aren ondorioz Nafarroan, eta 449 positibo atzeman zituzten, egun batean erregistratutako kopururik altuena, osasun sistema publikoan 3.208 PCR proba egin ostean, hau da, % 14 positibo eman zuten.

Hildakoak 58, 76, 80 eta 97 urteko lau gizonezko dira, eta guztira 610 pertsona hil dira, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Osasun-sare integratuan, ospitaleratzeen eta alten balantzea egin ondoren, 259 paziente daude ospitaleetan eta modalitate ezberdinetan, eta zainketa intentsiboetako unitatean 30 pertsona daude ospitaleratuta.

Kasu berrien batez besteko adina 41,7 urtekoa da, eta generoari dagokionez, % 49 gizonak dira eta % 51 emakumeak.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du 27 ospitaleratze berri egin zirela COVID-19aren ondorioz, horietatik 3 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, ostegun honetako kasuak batuz gero, 20.838 pertsona daude.

Foru Komunitateko hainbat gunetako egoeraren ondorioz, Osasun Departamentuak, udalekin lankidetzan, ohiz kanpoko neurriak ezarri ditu COVID-19aren hedapenari eusteko Erriberako sei udalerritan, Azkoien, San Adrian, Faltzes eta Funes udalerriekin batera.

Villafranca, Valtierra, Cadreita, Carcastillo, Castejon eta Cintruenigon gauerdian indarrean sartuko diren neurriek ez dute mugikortasunaren murrizketarik aurreikusten.

BIDEOA: Pandemiaren bigarren olatua ziztu bizian doa Europan zehar

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (5)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)