Osasun Mentalaren Eguna
Zergatik ez gara joaten terapiara behar dugun arren?
Mikel Dominguez | eitb.eus
Terapia psikologikoa estigmatizatuta dago oraindik. Osasun mentala zaintzea eta laguntza profesionala eskatzearen garrantziaz ohartarazten digute psikologoek. Lehen oztopoak gure buruan hasten dira.
Mina duzunean medikuarengana zoaz, eta bertan osatzea espero duzu. Zenbat aldiz nabaritu duzu zerbait gaizki dagoela zure aldartean? Zenbat aldiz joan zara psikologo baten kontsultara? Zer egiten duzu pozik bizitzeko?
Osasun mentalaren arazoak fisikoki ere islatzen dira, baina ez dira beste gaitz fisikoak bezain erraz antzematen. "Ez da ikusezina, hauteman daitekeelako, baina, noski, ez dugu hain erraz ikusten", uste du Neuron Psicologos taldeko Ian Rionek.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, osasun mentala osasunaren zati "integrala eta funtsezkoa" da, hau da, "erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala, eta ez bakarrik gaixotasun falta". Garatzeko gaitasuntzat hartu dezakegu osasun mentala, hau da, osasuntsu egoteak esan nahi du bakoitzaren ahalmenaz baliatzeko aukera izatea.
Argi dago aparatu kardiobaskular osasuntsu bat izatea beharrezkoa dela arazorik gabe bizitzeko. Gauza bera gertatzen da osasun mentalarekin, baina ahaztuta daukagu. Zure ongizatea neurtzeko gai izango zinateke?
Minbiziari buruz hitz egiten dugunean, banaketa argi bat dago: minbizia daukana eta ez daukana. Osasun mentalaz hitz egiten dugunean, ordea, erresistentzia asko pizten dira, denok zaku berean sartuta ikus dezakegulako gure burua. Izan ere, arazo bat agertzen denean aurre egiteko lehen pausua izan zitekeen terapia psikologikoa oraindik estigmatizatuta dago.
Askotan entzun dugu "ez nago zoratuta, ez dut psikologo bat behar", baina ezin gara okerrago egon. "Jendeari esaten diodanez, pertsona bat psikologora doanean, hain zuzen ere, zoratuta ez dagoelako da", argi dauka Rionek. Gure gorputzak, nonbait mina daukagunean, zati horri begiradatxo bat bota behar diogula ohartarazten ari da. Adimenaren kasuan ez da hain erraza, "laguntza eskatzeko oztopoak jartzen dizkigulako".
Rionek eztabaida batean dugun jokamoldearekin alderatzen du. Adimenak gezurrak esaten dizkigu gure buruaren irudi ona emateko, etengabe. Horregatik, zaila da laguntza eskatzea. "Bizkarrean mina badaukat, oso argi sentituko dut; mina erraz nabarituko dut. Baina antsietatea badut, ez daukat oso argi ikusten den ezer", uste du.
Denok pasatzen gara gure ongizatean eragina duten egoeretatik: gertuko norbaiten heriotza, harreman baten haustura, arazoak lanean… Hala ere, Rionen arabera, "batzuetan ez gara ohartzen sufritzen ari garela". Sumatzen ez dugun arren, "horrek guztiak eragina du gugan". "Aurrera egitea ez da doanekoa. Denborak ez du ezer sendatzen, askotan esaten badugu ere. Aurrera egiteko modu asko dugu, baina bide egokia hartzen ez badugu, ordaindu gabeko fakturak utziko ditugu. Albo batean utz ditzakezu, baina pilatuz joango dira eta momenturen batean agertuko zaizkizu", azaldu du.
Gure arazoak identifikatzea eta laguntza eskatzea kostatzen zaigu, baina baita aurreikustea eta osasun mentala zaintzea ere. Iruzurrik ez egitea gomendatzen dute psikologoek: osasun mentalaren arazoek ondorio fisikoak ere izango dituzte. Adimena eta gorputza banatzen dituen pentsamolde kartesiarraren kontra, "oso estuki lotuta" daudela uste du Rionek.
Horren adibidea da antsietatea, "mehatxuzko egoera arriskutsu bati aurre egiteko" gure gorputzak duen mekanismoa. "Modu horretan gorputzari erreakzionatu behar duela esaten diogu, basoan hartz bat topatzen bagenu bezala", dio Rionek.
Baina antsietateak estresari aurre egiteko bere lana egiten duenean, gorputzak behar ez den tokitik hartzen du energia. Antsietatea dudanean, "gorputzari etengabe ari natzaio energia eskatzen, baina proteinak suntsitzen eta degradatzen ari naizen arriskuarekin; horiek immunitate sistema osatzen dute". Momentu horretan, osasun mentala gorputzekoan islatzen da.
Prebentzioa eta laguntza profesionala
Horretarako, osasun mentalaren inguruko prebentzioa garrantzitsua da, eta gure bizitzeko era ez dugu alde. "Gure oinarrizko beharrizanen oso kontra goaz. Gutxi eta gaizki lo egiten duen jendea dago, gaizki jaten duena… Gure tribuko jendeaz inguratuta egotetik, denak ezagutuz, kalean dagoen inor ezagutzen ez dudan egoera batera igaro gara, eta horrek alerta egon behar izatea eskatzen digu", azaldu du Rionek. Hortik, antsietatea "denbora guztian aktibatuta dugu".
Prebentzioa, beti bezala, txikitatik hasten da. Sufrimendua "psikiatrizatu" baino lehen, Anibal Arrillaga Basurtuko ospitaleko psikiatrak nahiago du "prebentzioa, eskoletan osasun mentalaz ohartarazteko taldeak osatzea", eta "erlaxatzeko eta ondoezari aurre egiteko estrategietan" sakontzea.
Hala ere, zerbait gaizki doanean, ez dugu laguntza eskatu nahi. Rion psikologoak, bere kontsultan, doaneko lehendabiziko hitzordu bat eskatzen duen baina gero bertan behera agertzen ez den jende asko ezagutu du. "Horrek gure defentsekin eta gure barnean zerbait gaizki doala eta aldatu behar dugula onartzeko dugun zailtasunarekin dauka zerikusia", azaldu du. Horretaraino heltzen da gure buruari jartzen dizkion oztopoak.
Gainera, guri ere zerbait eskatzen digu terapia psikologikoak. Arrillagak ohartarazten duenez, "lan bat da, ez da pasiboa". Psikoterapia ez da ebakuntza bat, baizik eta "gimnasiora joatea bezalako" zerbait, jarraipena eta norbanakoaren lana eskatzen dituena. "Psikologoa negar egiteko ikusten dugu, magikoki sendatuko gaituen pertsonatzat hartzen dugu, eta ez da horrela. Gehiago da: 'gaizki nago, zerbait aldatu behar dut baina ez dakit zer den, eta hori egiteko laguntza eske joango naiz'", dio Arrillagak.
Badago osasun mentalarekin lotuta dagoen aurrejoera genetiko bat, baina hori "portzentaje bat baino ez da; gainontzekoa giroak ezartzen du", Arrillagaren arabera. Rionek azaldu duenez, familia batean gaixotasun mental gehiago hautematen direnean ez du zertan herentzia genetiko batengatik izan, baizik eta "ingurugiro bera konpartitzen dutelako".
Izan ere, gure osasun mentalari eragiten dioten faktoreen artean dago egoera sozioekonomikoa. Psikologoaren konponbide magikotik urrun, bizitza baldintzak zaintzea beharrezkoa da, gizarte bezala, gure burua eta gure ongizatea zaintzeko.