Itxi

COVID-19

Birusari eusteko ezohiko neurriak Fustiñanan ere

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ordutegi, aforo eta pertsona taldeak mugatzeko neurriak aplikatuko dituzte datozen 15 egunetan, baina ez dute mugikortasuna murriztuko.

Fustiñana (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Isidoro Arbizu

Fustiñanan COVID-19ari eusteko ezohiko neurriak ezartzea erabaki du Nafarroako Osasun Departamentuak. Neurriak gauerdian sartuko dira indarrean, eta 15 eguneko iraupena izango dute.

Ordutegi, aforo eta taldeen pertsona kopurua mugatzeko neurriak aplikatuko dituzte, baina ez dute mugikortasuna murriztuko, Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon eta Cintruenigon atzo erabaki bezala.

Azken 14 egunetan kasu ugari zenbatu dituzte udalerri horietan, batezbestekoa aise gaindituz. Horregatik, neurri murriztaileak areagotzea beharrezkoa zen, Nafarroako Gobernuaren arabera, osasun publikoa babesteko eta kurba leuntzeko.

Azken finean, bizitza ekonomiko eta sozialari kalte larria egin diezaioketen neurri zorrotzagoak saihestea dute helburu.

Esparru publikoan zein pribatuan (ostalaritza, saltokiak, kirola, kultura etab) aforoak eta taldeen pertsona kopurua mugatzen dituzte neurriek Erriberako zazpi udalerritan. Printzipioz, neurriak urriaren 9tik 24ra egongo dira indarrean, beti pandemiaren bilakaeraren menpe.

Erriberako zazpi udalerritan hartutako neurriek, besteak beste, esparru pribatuan 6 pertsona baino gehiago biltzea debekatzen dute, dagoeneko indarrean Nafarroa osoan, baina esparru publikoan soilik.

Sektoreka, tabernek % 50eko aforoa izango dute barruan eta terrazetan, eta 6 pertsona baino gutxiagoko mahaiak bakarrik zerbitzatu ahal izango dituzte, 00:00etan itxiz, baita jatetxeek ere.

Ordutegien inguruko azken arau hori Funesen eta Faltzesen ere aplikatuko dute.

Era berean, aforo muga saltokiei eta azokei ezarriko diete, baita beste murrizketa batzuk ere ekitaldi sozialetan.

Bestalde, kirol eta kultura instalazioak eta parke publikoak itxiko dituzte. Ezkontza, bataio zein beste ospakizunetan 18 pertsona baino gehiago ez dira batuko barruan, eta 36 kanpoan. Horregatik, ospakizun horiek intimitatean eta familiartean egiteko gomendioa eman du Osasun Departamentuak.

Bestalde, Osasun Departamentuak, San Adriango Udalarekin elkarlanean, ezohiko neurriak urriaren 16ra arte luzatzea erabaki du, bilakaera epidemiologikoa ikusita.

Kasu horretan, ordutegiak, aforoak eta pertsonen kopuruak murriztu dituzte esparru pribatu zein publikoan (ostalaritza, saltokiak, kirola, kultura etab), baita joan-etorriei mugak ezarri ere herriko irteeratan eta sarreratan. Zentzu horretan, herritarrek ezinbesteko joan-etorriak egiteko baimena eman dute soilik.

Azkoien egoera berdinean dago.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (3)