KORONABIRUSA
Babes neurriak ez direla hartu salatu dute Asuncion Klinikako langileek
E. JAUREGI | EITB.EUS
Inma Arroyo enpresa batzordeko kidearen arabera, babeserako materiala falta izan dute, besteak beste. Oraingoz 32 positiboren berri dutela ere jakinarazi du. Bihar ezagutuko da kopuru zehatza.
Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion Klinikan 24 COVID-19 kasu atzeman dituzte azken orduetan. Ondorioz, zentroak "jarduera murriztu" du, gutxienez, datorren asteartera arte. Paziente berriak Bidasoa Ospitalera bideratzen ari dira, baina larrialdiak normaltasunez ari dira lanean, eta klinikak ez du jarduera eten.
Aste honen hasieran atzeman zituzten lehendabiziko bi koronabirus kasuak langileen artean, eta plantilla osoari PCR probak egitea erabaki zuten. Ofizialki zabaldutako datuen arabera, 22 langilek eta ospitaleratutako bi gaixok eman dute positibo, baina langileen ordezkariek jakinarazi dute eurek 32 kasuren berri dutela. Kopuru zehatza astelehenean jakingo da.
Bizi duten egoeraz hitz egiteko, Inma Arroyo Asuncion Klinikako enpresa batzordeko kidea elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Amarauna" saioan. Haserre agertu da Arroio, agerraldi hau ekidin zitekeela uste duelako. Bere hitzetan, "jakina zen etorriko zela" eta, hala eta guztiz ere, ez dira "beharrezko babes-neurriak" hartu. "Bigarren oldea etorriko zela jakin arren, ez dira ezarri langileen eta gaixoen babeserako neurriak, ez Asuncion Klinikan, ez eta gainerako osasun zentroetan ere. Are gutxiago gurea bezalako ospitale kontzertatu batean, pribatua izanda alor ekonomikoa lehenesten baita", kritikatu du.
Osasun publikoaren ikuspegitik zein kudeaketaren ikuspegitik, gertatua "onartezintzat" jo du.
Kutsatze masibo hori nondik nora gertatu ahal izan den azaltzeko, hainbat arazo jarri ditu mahai gainean Inma Arroyok. Batetik, behar baino langile gutxiagorekin ari direla lanean, errefortzurik ekarri gabe. Bestetik, osasun zentroan COVID gunea eta COVID ez den gunea banatuta dauden arren, "gune mixtoak" daudela, "prebentzio departamentuak eta Osasun Publikoak ondo dakien bezala". Gune horretan "gauza asko egiten dira oso espazio txikian". "Oraintxe, COVID zonatik irteten zarenean, eskuak eta beste guztia desinfektatu ondoren, garbitu edo dutxa bat hartu nahi baduzu, aldageletara igo behar duzu, eta zonalde ezberdin batetik igotzen bazara ere, azkenean gune mixtoak ditugu".
Gainera, ohartarazi du zentroak ez dituela "ospitaleratuta zeuden gaixoen bisitariak kontrolatu" eta langileei ere ez zaiela aldian-aldian kontrolik egin. Eta are larriagoa dena, babeserako ekipamenduetan zuzendaritza "xuhurkerian" ibili dela salatu du. "Guztiontzako babes ekipoak eskatu ditugu, zeladoreentzat, garbitzaileentzat —pandemia garaian aurretik zegoen kopuru bera— erizainentzat eta medikuentzat", eta ezin dena da enpresak ezezkoa ematea, horiek jantzita ibiltzeak segurtasun-sentsazio faltsua eman omen diezagukeelako".
Orain arte maskara higienikoekin aritu direla lanean azaldu du Arroyok eta ez dietela FFP2rik eman hilaren 8ra arte, agerraldia jada atzemanda zegoen arte: "Urriaren 7an geneuzkan maskarak nahikoa zirela esaten ziguten, eta hurrengo egunean, 8an, FFP2ak jantzi behar genituela onartu zuten".
Langileak fisikoki zein psikologikoki nekatuta daudela aitortu du langile batzordeko kideak, eta adierazi du euren baldintzei eta hartu diren neurrien inguruan inork galderarik egin ez diela. "Oso kezkatuta gaude, larri, nola gertatu ote den hau", gaineratu du.
Astelehen honetan izango dituzte langile zein paziente guztiei egindako PCR proben emaitzak. Hala, egun horretan jakingo dute zein den agerraldiaren "tamaina erreala".