KORONABIRUSA
Hauek dira Nafarroa osoan indarrean dauden neurri murriztaileak
EITB.EUS
COVID-19aren hedatzea murrizteko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak neurri murriztaile berriak ezarri ditu urriaren 13an hasi eta ondorengo 14 egunetarako.
Nafarroako Gobernuak aisialdirako eta harreman sozialetarako mugak iragarri ditu Nafarroa osorako, koronabirusaren hedapena geldiarazteko helburuarekin. Oraingoz, mugikortasuna mugatu ez badu ere, beharrezkoa ez bada, batetik bestera ez mugitzea gomendatu du.
Neurri murriztaile berriak urriaren 13an hasi eta ondorengo 14 egunetan egongo dira indarrean.
Hauek dira murrizketa berriak:
Esparru publikoan zein pribatuan ezin izango dira sei pertsona baino gehiago elkartu, elkarrekin bizi direnen kasuan salbu.
Tabernen eta jatetxeen edukiera % 30era murriztu dute, terraza eta toki irekietan salbu, non % 50ekoa izango den. Bezeroek mahaian eserita kontsumitu beharko dute, barruan zein terrazetan. Mahaietan, barrun zein terrazetan, ezin izango dira sei pertsona baino gehiago elkartu eta elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantendu beharko dute.
Ostalaritzako saltokiek 22:00etan itxi beharko dute, etxez etxe janaria zerbitzatzen dutenek izan ezik. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko une horretan izan ezik.
Ehorzketetan eta gaubeiletan, ezingo dira 25 pertsona baino gehiago elkartu gune irekietan, eta 10 baino gehiago, ostera, toki itxietan.
Jatetxeetan egin daitezkeen ospakizunen kasuan (hala nola ezkontzak, jaunartzeak, bataioak edo bestelako ospakizunak), errespetatu egin beharko dira pertsonen arteko segurtasun-neurri orokorrak eta baita 1,5 metroko segurtasun tartea ere. Ezin izango dira 12 pertsona baino gehiago egon barrruan eta 18 baino gehiago kanpoan. Ez da baimenduko dantza egiteko pistarik erabiltzea.
Gurtzarako guneetan ezin izango da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren % 30, eta erabiltzaile bakoitzarentzat 2,25 metro koadroko eremua gorde beharko da.
Txikizkako merkataritzako establezimendu eta lokaletan, eta jendearentzat zabalik dauden jarduera eta zerbitzu profesionaletan, ezin izango da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren % 40.
Hipermerkatuetan eta saltoki handietan ezin izango da gainditu bertan dauden merkataritza-lokal bakoitzean baimenduriko gehienezko edukieraren % 40.
Aire zabaleko merkatuetan edo azoketan, postuek bereizita egon beharko dute, erabiltzaileen fluxua markatuko duen eta gutxienez 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia bete ahal izango dela bermatuko duen igarobide baten bidez. Elkarren ondoan dauden bi posturen artean elementu isolatzaileak jarriko dira, edo, bestela, gutxienez 1,5 metroko tartea izango dute.
Ikastetxeetan, auto-eskoletan, arautu gabeko irakaskuntza-zentroetan eta prestakuntza-zentroetan aurrez aurreko eskolak eskaini ahal izango dira, beti ere baimenduriko gehienezko edukieraren % 40 gainditzen ez bada eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia segurtatzen bada.
Liburutegiek baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditu gabe eskainiko dituzte beren jardueretarako zerbitzuak. Ez da haurrentzako jarduerarik izango.
Kultur ekipamenduak zabalik izango dira, bisitari-kopurua baimenduriko gehienezko edukieraren % 30etik gorakoa ez bada.
Kirol-instalazioen barruan egiten diren jardueretan ezin izango da baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditu, eta kanpoko aldean, % 40. Ez da baimenduko aldagelak, dutxak eta iturriak erabiltzea. Gimnasioetara joateko aldez aurreko hitzordua beharko da.
Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol-guneak erabiltzen ahal izango dira baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditzen ez bada.
Aisialdirako igerileku irekietan zein estalietan, edukieraren %30 eko muga errespetatu beharko da. Aldagelak erabili ahal izango dira, baina dutxak ez.
Museo eta erakusketa-aretoetako jardueretan ezin izango da baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditu. Bisitetan eta gidaturiko jardueretan ezin izango dira sei pertsonatik gorako taldeak osatu.
Zinema-aretoetan, antzokietan, aretoetan, karpadun zirkuetan eta antzekoetan jarduerak egin ahal izan dira, eserlekuak aldez aurretik esleitzen baldin badira eta baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditzen ez bada. Edozein kasutan, gehienezko edukiera 1.000 lagunekoa izango da.
Biltzarrak, topaketak, negozio-bilerak, konferentziak, ekitaldiak eta antzekoak egin ahal izango dira baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditzen ez bada. Gehienez, 100 lagun bildu ahal izango dira.
Joko eta apustu-establezimenduek beren jarduera gauzatu ahal izango dute baimenduriko gehienezko edukieraren % 30 gainditzen ez bada. Joko eta apustu lokalek 22:00etan itxi beharko dute.
Gastronomia elkarteek eta peñek itxita egin beharko dute eta jarduera eten beharko dute, 500 biztanletik beherako udalerri eta kontzeju txikietan salbu (herri horietan kafetegirik, jatetxerik eta tabernarik ez badago, eta herritar guztien biltoki bakarrak badira). Kasu horietan, ostalaritzako establezimenduetarako ezarri diren irizpideak bete beharko dituzte.
22:00etatik 08:00etara bitartean debekatuta egongo da alkohola saltzea haien lizentzia edozein dela ere, taberna berezi, kafe-antzoki, taberna, kafetegi eta jatetxeko lizentzia duten establezimenduetan izan ezik.