KORONABIRUSA
Murrizketa berriak indarrean dira Nafarroa osoan
EITB.EUS
Foru arau berriak aforoa % 30era murriztuko du ostalaritzan, eta lokalek 22:00etan itxi beharko dute. Ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroan neurri murriztaile berriak indarrean dira iragan gauerdiaz geroztik, 14 egunez. Nafarroa osorako neurri berberak izango dira. Oraingoz, ez dute mugikortasuna mugatu, baina bai, ordea, ostalaritzako edukiera.
Igandean, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak neurri murriztaile berriak iragarri zituen, COVID-19 kasuek "espero baino askoz gehiago" egin baitute gora.
Nafarroa osoan "interakzioa eta mugikortasuna ezinbestekora" murriztu nahi ditu Chivitek. Haren esanetan, aisialdia eta esparru pribatua "foku nagusiak" dira, horregatik neurriak esparru horietara mugatuko dira batez ere.
Gobernuak "interakzio soziala erabat murriztu" nahi du datozen 14 egunetan, "berebizikoa" delako. "Une kritiko batean gaude, eta garaiz gabiltza. Ez dugu egoera gogorrago bat nahi", adierazi zuen Chivitek.
Horregatik, tabernen eta jatetxeen aforoa % 30era murriztuko dute, terraza eta toki irekietan salbu, non % 50ekoa izango den. Lokalek 22:00etan itxi beharko dute.
Elkarte gastronomikoak eta peñak itxita egongo dira, eta 22:00etatik aurrera alkohola saltzea debekatuko dute.
Esparru publikoan zein pribatuan sei pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango. Beilatoki, ezkontza, bataio, jaunartze eta antzeko ekitaldietan ere aforoa mugatuko dute.
Supermerkatu eta merkataritza-gune handietan, aforoa % 40ekoa izango da. Liburutegi, zinema eta antzokien kasuan, aldiz, % 30ekoa izango da.
Era berean, jolastokietan, aforoa % 30era murriztuko dute.
Gimnasio eta kirol instalazioak erabiltzeko aldez aurretik hitzordua eskatzea nahitaezkoa izango da.
Foru Erkidegoko udalek neurri zorrotzagoak ezartzeko aukera izango dute.
Unibertsitateetan eta hezkuntza zentroetan ez da aldaketarik; izan ere, Nafarroako Gobernuak "funtsezko" jarduera dela uste du. Era berean, Nafarroan mugikortasuna mugatzeko neurririk ez dute hartu. Chiviteren esanetan, beste erkidegoekin mugikortasuna mugatzea zailtasun legalak ditu.
Foru arau berriaren neurriek erkidego osoan "esku hartzea" ekarriko dute, zenbait zonaldetan intzidentzia tasa baxua den arren. Chivitek azaldu duenez, neurriok helburu bikoitza dute: "gaizki doan tokietan egoera hobetzea" eta hainbeste kutsatze ez dauden tokietan prebentiboki ekitea.
"Ez gaude prest onartzeko biztanleen zati bat hil egin behar dela edo larri gaixotu behar dela gehiengoak bizitza normala egin ahal izateko. Bizitza bakoitza da garrantzitsua, heriotza bakoitza da tragedia bat", gaineratu zuen Foru Gobernuko presidenteak.
Alderdikeriaz "birus honen drama erabiltzea" deitoratu zuen, eta "batasuna, lasaitasuna eta momentu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak" hartzea eskatu zuen.