Koronabirusa
Koronabirusak 28 egun iraun dezake telefono mugikorretan, ikerketa baten arabera
Agentziak | Erredakzioa
SARS-CoV-2ak denbora gutxiago irauten du tenperatura altuetan tenperatura baxuetan baino. Pertsona batek kutsatutako gainazalak ukitzen dituenean ere transmititu daiteke birusa.
Australiako zientzialari talde batek egindako ikerketa baten arabera, COVID-19a eragiten duen birusak 28 egunez iraun dezake bizirik telefono mugikorretako pantailetan eta plastikozko zein paperezko billeteetan, besteak beste.
Kasu gehienetan, hitz egitean, eztula egitean edo doministiku egitean isurtzen diren tanten bitartez zabaltzen da koronabirusa, baina airean esekitako partikulen bidez edo pertsona batek kutsatutako gainazalak ukitzen dituenean ere transmititu daitekeela frogatu du Commonwealtheko Ikerketa Zientifiko eta Industrialeko Erakundeak (CSIRO, ingelesezko sigletan).
Ikerketa horren arabera, birusak 28 egunez iraun dezake bizirik gainazal lauetan, hala nola, telefono mugikorren pantailetan eta plastikozko zein paperezko billeteetan. Australiako zientzialariek nabarmendu dutenez, espazio ilunetan eta 20 ºC daudenean iraun dezake denbora-tarte hori.
Testuinguru horretan, SARS-CoV-2ak denbora gutxiago irauten du tenperatura altuetan tenperatura baxuetan baino; izan ere, 40 ºC-ko gainazal batzuetan, infekziosoa izateari utzi zion soilik 24 ordutan.
Gauzak horrela, birusa normalean uste duguna baino denbora gehiagoz kutsakorra izan daitekeela erakusten du Australiako CSIRO erakundeak egindako ikerketa horrek.