KORONABIRUSA
155 COVID-19 kasu aktibo zenbatu dituzte Nafarroako adinekoen egoitzetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Agerraldiak atzeman dituzte Azkoiengo eta Alesbeseko egoitzetan.
Nafarroan, COVID-19aren 155 kasu aktibo dituzte, gaur-gaurkoz, adinekoen egoitzetan eta beste bederatzi, ostera, desgaitasunak dituzten pertsonak artatzeko zentroetan, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak jakitera eman duenez.
Gaineratu duenez, azken egunetan zentro horietan kasu positiboak egonkor mantendu dira eta 24 alta epidemiologiko gehiago izan dira.
Adinekoen egoitzetan positibo eman dutenen artean (155), 18 pertsona daude ospitaleratuta, 64 egoitzetan daude, sintomekin, eta 53 zentroetan, baina sintomarik gabe.
Bitarteko baliabideetara 19 pertsona eraman dituzte eta horietan 70 alta epidemiologiko egon dira.
Kutsatutako profesionalei dagokienez, sintomak dituzten 41 positibo erregistratu dira, eta sintomarik gabekoak 17ra jaitsi dira. Sailburuak adierazi duenez, uztailaren 1etik 25 pertsona hil dira adinekoen egoitzetan (18 ospitaleetan eta zazpi, ostera, egoitzan bertan).
Sailburuak azaldu duenez, bi agerraldi daude Azkoiengo eta Alesbeseko egoitzetan. Agerraldiek ia egoiliar guztiei eta langile askori eragiten diete.
Elizondoko Benito Menni egoitzan eta Mutiloan ere izan dira agerraldiak, baina, Maeztuk azaldu duenez, egoera egonkortuta dago.