Itxi

ERREPORTAJEA

Zer dakigu azaroaren 2an Lurraren aurka "talka" egingo duen asteroideari buruz?

EITB.EUS

Leer en Castellano

Javier Armentia astrofisikari, komunikatzaile zientifiko eta Iruñeko planetarioko zuzendariak esan duenez, tamaina oso txikia du, eta, beraz, sartuko balitz, zati txikitan sartuko litzateke.

2018ko VP1 asteroidearen irudia. Argazkia: NASA

2020. urtea zaila izaten ari da, eta horri azaroaren 2an asteroide batek ustez Lurra joko duela gehitzen badiogu, aurtengoa gizarteriaren historian inoiz izan den urterik zailenetakoa izango da. Baina, zein da Lurra suntsituko duen 2018 VP1 asteroidearen benetako historia? Baina, zein da batzuen esanetan Lurra suntsituko duen 2018 VP1 asteroidearen benetako historia?

Komunikabideetan azken hilabeteotan bolo-bolo dabil atmosferan sar omen litekeen asteroidearen iragarkia. NASAren ustez, dena dela, horretarako probabilitatea oso txikia da, eta sartuko balitz, tamainaz hain da txikia, desintegratu egingo litzateke, Javier Armentia astrofisikari, komunikatzaile zientifiko eta Iruñeko Planetarioko zuzendariaren arabera.

"Hurbilduz gero, atmosferan erre egingo litzateke. Bi metroko harria ez da arriskutsua. Gizakiok izar iheskor bat bezala ikusiko genuke", azaldu dio astrofisikan adituak eitb.eus-i, eta giza eskalari dagokionez, objektu oso txikia dela azpimarratu du. "Gorputz horiek ez dira guregana heltzen, eta heltzekotan, zati txikitan iristen dira. Sartzekotan, meteorito moduan sartuko litzateke", gaineratu du.

Azken datuen arabera, azaroaren 2ko 03:00ak aldera gertatuko da. Hala ere, hainbat data aztertu dituzte. Behaketa astronomikoen bidez, azken urteetan, informazio asko bildu dute. "Lortzen ditugun datuak, abiadura eta posizio orbitala baliatuz, kalkulu bat egin dezakegu". Armentiak azaldu duenez, datuak egunero kalkulatzen dira, eta nahiz eta 03:00etan ikustea espero den, "baliteke hori aldatzea".

"Baimendutako teleskopioekin monitorizatutako bilaketak egiten dira, eta etengabe ari dira argazkiak ateratzen. Atzoko eta gaurko irudiak alderatzen dira, eta objektu horiek mugitzen ari diren, urruntzen ari diren… ikus daiteke. Biratzen duten moduaren arabera, beren ibilbidea alda dezakete. Gaur egun begi asko daude zerura begira", azaldu du Armentiak.

Asteroidea Lurretik 400.000 kilometrora igaroko da; hau da, Lurraren azaletik Ilargia baino urrunago. Hori da kalkulu fidagarriena, baina datuak ez dira batere zehatzak, eta lau milioi kilometroko akats-tartea dute. "Litekeena da asteroide honek gure aurka talka egitea, baina probabilitatea % 1ekoa baino txikiagoa da", adierazi du Iruñeko Planetarioko zuzendariak. Dena dela, ez du baztertu: "Distantziak handiak dira, baina ziurgabetasuna oso handia da".

"Denbora daramate meteorito hau behatzen", esan du. 2018ko azaroaren 3an aurkitu zuen astronomo talde batek 2018 VP1 izena jarri dioten asteroidea unibertsoan, eta urtarrilean hitz egin zuten hedabideek asteroide horri buruz lehen aldiz. "Ekainean berriz hasi ziren komunikabideetan horretaz hitz egiten, eta orain, eguna hurbiltzen ari denean, gauza bera". Hala ere, auto bat baino txikiagoa dela kontuan hartuta, ez dugu zertan kezkatu.

"Haren berri izan dugu, eta haren atzetik ibili gara", esan du Armentiak. "Objektu horiek, normalean, sakabanatu daitezkeen arrokak dira, zatituta iristen dira, eta Lurrera irits litezke, baina meteorito moduan". Barre artean aitortu digunez, "ez zaio inori buru gainera eroriko". Iruñeko Planetarioko zuzendaria ziur dago objektu honek ez gaituela joko. "Kalte egin dezaketen objektu handiagorik badago, baina oraingoz ez dugu bat bera ere gertu", azpimarratu du.

Albiste honek sortu duen alarma sozialari buruz galdetuta, Armentiak uste du albiste bitxiak direla. Urtero 20-30 albiste argitaratzen dira "asteroide batek Lurra joko duela" esanez. Honen aurrean esan duenez, objektu horiek ez dute Lurra jotzen; talka egiten dute edo ondotik pasa eta aurrera egiten dute. "Bi egunetik behin, gutxi gorabehera, objektu bat deskubritzen da", azaldu du, eta horietako asko hurbildu eta alde egin ondoren aurkitzen direla gaineratu du.

Elkarrizketa amaitu aurretik, iragarpen bat egin digu Armentiak: "Azaroaren 3an, estatubatuarrek presidentea hautatzeko hauteskundeetan botoa emateko aukera izango dute, inolako arazorik gabe, asteroide hori ez baita ez arriskutsua ezta kaltegarria ere".