Koronabirusa
Udalerriak COVID-19aren semaforoaren arabera sailkatzen hasi da Osasun Saila
eitb.eus
Durango eta Gipuzkoako sei udalerri gorriz koloreztatu dituzte, azken 14 egunetan izandako intzidentzia-tasa altua dela eta. Semaforoak berdez, horiz, laranjaz edo gorriz margotzen ditu udalerriak.
COVID-19ak Euskadiko udalerrietan izandako eragina aztertzen duen koloretako semaforo bat erabili du gaur, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak.
Gauzak horrela, semaforo horrek kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan hautemandako koronabirus kasu berrien arabera. Zehazki, koloreak horrela esleitzen dira:
- Berdea: Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beheragokoa denean.
- Horia: Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60-299 kasu artekoa denean.
- Laranja: Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300-499 kasu artekoa denean.
- Gorria: Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 kasukoa edo hortik gorakoa denean.
Lehen egunean, Gipuzkoako sei udalerri gorriz agertu dira; beraz, kutsatzeko arriskua handia da han. Zehazki, ondorengo udalerri hauek dira: Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga.
Intzidentzia-tasa zertxobait txikiagoa izan da Andoainen, Astigarragan, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Lasarte-Orian, Lazkaon, Legazpin, Lezon, Oñatin, Pasaian, Urnietan, Urretxun, Villabonan eta Zumaian, guztiak laranjaz koloreztatuta.
Bestalde, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Mutriku, Oiartzun, Orio, Usurbil eta Zarautz horiz margotu dituzte.
Bizkaian, Durango da gorriz agertu den udalerri bakarra. Laranjan, berriz, Abadiño, Elorrio, Ermua, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Muskiz, Portugalete eta Sestao sailkatu dituzte.
Testuinguru horretan, ez da udalerri berderik egon, eta horiz honako hauek agertu dira: Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Mungia, Ondarroa, Ortuella, Santurtzi, Sopela, Trapagaran, Zalla eta Zornotza.
Azkenik, Araban, Amurrio bakarrik agertu da berdez, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa izan baita (47,99). Beste udalerri batzuek, Agurainek, Laudiok eta Gasteizek, esaterako, kolore horia izan dute.