Itxi

KORONABIRUSA

Apirilean baino bost aldiz heriotza gehiago eragin ditzake COVID-19ak urtarrilean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazpena egin die Europako herrialdeei, neurri murriztaileak arintzearen arriskua nabarmenduz. Gaineratu duenez, "birusa ez da aldatu", eta bere arriskua ere ez.

Osasunaren Mundu Erakundearen prentsa agerraldia. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Europako herrialdeei ohartarazi dienez, koronabirusaren transmisioa geldiarazteko neurri murriztaileak arinduz gero, litekeena da urtarrilean apirilean baino lau eta bost aldiz heriotza gehiago gertatzea COVID-19aren ondorioz.

Hans Henri P. Kluge Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) Europarako eskualdeko zuzendariak azpimarratu duenez, eguneroko positibo kopurua eta ospitaleko presioa handitzen ari dira, eta COVID-19a heriotzen bosgarren kausa bihurtu da dagoeneko, Batez beste, 1.000 pertsona hiltzen dira egunean. Gainera, pandemia hasi zenetik aste bakarrean Europan atzemandako kopururik handiena zenbatu dute asteon, ia 700.000 kasu jakinarazi baitituzte.

"Orain baieztatutako kasuak zazpi milioitik gora dira, eta 10 egunetan sei milioitik zazpira igaro dira. Asteburuan zehar, errekor berriak gainditu dira, 120.000 positibo baino gehiago zenbatu baitziren egunero, lehen aldiz, bai urriaren 9an bai 10ean", zehaztu du Osasunaren Mundu Erakundeko ordezkariak.

Ildo horretan, Klugek aitortu du egoera martxoaren erdialdean izandakoaren desberdina dela, 2-3 aldiz kasu gehiago atzeman eta bost aldiz heriotza gutxiago izaten baitira. Hala ere, "birusa ez da aldatu", eta bere arriskua ere ez.

"Neurriak gogortzen ari dira Europako herrialde askotan, eta hori ona da, behar-beharrezkoak dira, gaineratu du.

Bestalde, Klugek baztertu egin du martxokoa bezalako konfinamendua, eta neurri murriztaileak "pixkanaka eta neurrian" arintzea aholkatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (4)