Itxi

Koronabirusa

Goia: "Urrezko Danborrak ez du inongo zentzurik bizi dugun egoera honetan"

EiTB.EUS

Leer en Castellano

"Modu kontrolatuan egitea posible den arren, saria jasotzen duenak ez luke danborra ganoraz jasotzeko eta ospatzeko aukerarik izango, eta hori oso tristea da", azaldu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eneko Goia Donostiako alkatea ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan izan da ostiral honetan COVID-19aren pandemia dela eta Gipuzkoako hiriburuan hartu behar izan dituzten zenbait neurriri buruz solasean.

Aste honetan bertan eman dute jakitera 2021ean Donostian ez dela danborradarik ospatuko, eta horren inguruan esan du desfilea egitea ezinezkoa bada ere, antolatzaileekin hartu-emanetan egongo direla ospakizun berezi horri "alternatiba" bilatze aldera. "Ezer ez egitea da errazena, baina bizitzen jarraitzea da egokiena. Horregatik, ohiko danborradaren ordez, gutxienez zerbait sinbolikoa egiten saiatuko gara", adierazi du.

"Saiatu egin behar gara posible diren ekitaldiak aurrera ateratzen, unean uneko egoerara moldatuz, pandemiak luze joko duelako. Donostian garrantzitsuak diren hainbat kultur ekintza egin ditugu azkenaldian, Jazzaldia, Hamabostaldia eta Zinemaldia, besteak beste. Baldintza oso berezietan egin dira, muga askorekin eta segurtasun osoz. Horrela, ez dute inolako arazorik eman", azpimarratu du.

Ildo horretan, erantsi du aurrerantzean ere bide horri jarraituko diotela, alegia, posible den guztia egingo dutela: "Saiatuko gara moduak bilatzen".

Ez da Urrezko Danborrik egongo

Gai horri lotuta, Goiak esan du Urrezko Danborra urtarrilaren 20ko jaiari zuzenean lotutako saria dela, eta beraz, ez duela "inongo zentzurik". "Modu kontrolatuan egitea posible den arren, saria jasotzen duenak ez luke danborra ganoraz jasotzeko eta ospatzeko aukerarik izango, eta hori oso tristea da", azaldu du.

Udalak ostegunean iragarri zuen "osasun krisiaren ondorioz" datorren urtean ez dela Urrezko Danborrik egongo.

Realaren UEFAko partiduak

Eneko Goia alkateak begi onez jo du Reale Arena 1.000 jarraitzailerentzat irekitzea: "Ez dirudi oso zaila denik, sinesten dut horretan. Uste dut Realak baduela norgehiagokak modu seguruan antolatzeko ahalmena, eta halaxe egingo duela".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Bideoak (1)