COVID-19
Urkulluk aholku-batzordea bilduko du larunbat honetan, neurri gehiago hartzeko
eitb.eus
Larunbat honetan iragarriko dituzten murrizketa berriek orain arte espazio publiko eta lokaletan baimendutako edukierekin zerikusia izango dute; esaterako, taberna eta jatetxeen barnealdea ixtea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen duen aholku-batzordearen bileraren buru izango da larunbat honetan, 12:00etatik aurrera, COVID-19ari aurre egiteko neurriak aztertzeko, Lehendakaritzak ohar batean jakitera eman duenez. Bilera eta gero, prentsaurrekoa egongo da.
Euskal Autonomia Erkidegoak positiboen beste gorakada bat izan du azken orduetan, 828 koronabirus infekzio berri zenbatu baitituzte, abuztu amaieratik ikusi ez den kopurua, eta positiboen tasa % 7,4ra igo da.
Gipuzkoako zortzi herri eta Bizkaiko bi gorriz margotu ditu gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, COVID-19ak Euskadiko udalerrietan izandako eragina aztertzen duen koloretako semaforoa erabiliz. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak.
Bihar iragarriko dituzten murrizketa berriek orain arte espazio publiko eta lokaletan baimendutako edukierekin zerikusia izango dute; esaterako, taberna eta jatetxeen barnealdea ixtea, Espainiako Gobernuak birusaren hedapena kontrolatzeko egindako zirriborroak jasotzen duen bezala.
Gainera, Osasun Ministerioak koronabirusaren maila altuan kokatu du Euskal Autonomia Erkidegoa.