Itxi

COVID-19

Aforoak % 50era eta sei pertsona baino gutxiagoko taldeak Euskadin

eitb.eus

Leer en Castellano

Gainera, parke, lorategi eta jolastokiak 23:00etan itxiko dituzte, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira. Ostalaritzak ateak 24:00etan itxi beharko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jarduera esparru guztietan aforoak % 50era murriztuko dituztela iragarri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, sei pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango, orain arte muga 10 zenean. Bestalde, ostalaritzak ateak 24:00etan itxi beharko ditu aurrerantzean, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen duen aholku-batzordearen bileraren buru izan da larunbat honetan, COVID-19ari aurre egiteko neurri gehiago hartzeko. Ondoren, Sagarduik agerraldia egin du.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak; Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak; Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak; Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak; Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak; Juan Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Ramiro Gonzalez, Markel Olano eta Una Rementeria ahaldun nagusiek parte hartu dute bileran.

Era berean, Gorka Urtaran (Eudeleko presidente gisa ere), Juan Mari Aburto eta Eneko Goia hiru hiriburuetako alkateak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria batzarrean izan dira.

Azken asteetan positiboen kopuruak gora egin ondoren, pandemiari aurre egiteko neurri berriak jakitera eman ditu Sagarduik prentsaurrekoan. Horrela, azken 24 orduetan 841 kasu berri zenbatu dituzte EAEn. Horregatik, Jaurlaritzak “pertsonen mugikortasuna mugatzea” erabaki du.

Besteak beste, pertsona taldeak, aforoak, ostalaritzako ordutegiak, parke eta lorategietako ordutegiak edo federatu gabeko kirol lehiaketak jomuga dituzte neurriek. Osasun Sailak sinatutako agindu batean zehaztu eta datozen egunetan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi ondoren.

Indarrean zegoen araudia aldatuko dute neurri berriekin. Horrela, taldeak 10 pertsonatik 6ra pasako dira. Aforoak % 50era murriztuko dituzte jarduera esparru guztietan (ostalaritzan terrazak kenduta, kultura ekitaldiak, ekitaldi erlijiosoak, etab.).

Oro har, kanpoko ekitaldietan 600 pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango, eta 400 barruan. Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute, eta txoko eta elkarteetan biltzea debekaturik egongo da.

Gainera, parke, lorategi eta jolastokiak 23:00etan itxiko dituzte, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira.

Oraingoz ez dute konfinamendurik aurreikusten, baina ez dute baztertzen.

10 eguneko koarentena

Bestalde, zaintza eta bilaketa sarea indartzeko 45 pertsona gehiago kontratatuko dituzte. Orain 375 pertsona ari dira lanean, eta gehiago kontratatzea ez dute baztertzen.

Gainera, kasu positiboen isolamendua 10 egunera murriztuko dute, sintomak hasi direnetik edo ospitaleko sendagiria jaso denetik (lehen adineko etxeetan eta ospitaletan 14 egunekoa zen). Hori bai, gutxienez hiru egun sintomarik gabe eman behar dituzte.

Azkenik, harremanen koarentena 10 egunera murriztuko dute, Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak emandako gomendioei jaramon eginez.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, gaitasun “maila goia jotzetik oso urrun dago”, esan du sailburuak; izan ere, 51 pertsona daude ZIUn COVIDarekin, eta Euskadik 620 ohe ditu.

“Egoera aldatzea gure eskuetan dago. Pandemiak beste era batera sozializatzeko aukera ematen digunera arte ospakizunak atzeratzen saiatu”, gomendatu sailburuak. Herritarrei “zuhurtzia eta erantzukizuna” eskatu die.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (4)

Bideoak (1)