KORONABIRUSA
Test antigenikoak erabiltzen hasi da Osakidetza
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Proben emaitzak "berehala" jakin, eta kutsatze-katea "ahalik eta azkarren" etetea da helburua, Osasun sailburuaren arabera.
Osakidetza gaur hasi da COVID-19a atzemateko test antigenikoak erabiltzen hainbat ospitaletan. "Pixkanaka", EAEko osasun-zentro guztietan egingo dituzte proba horiek, gaitza "berehala atzeman" eta kutsatze-katea lehenbailehen eteteko, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez. Koronabirusaren datuei buruz, Irekia atarian egunero argitaratzen duten txostenean jasoko dituzte test antigenikoen emaitzak, PCR probenekin batera.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordearen bileraren ostean agertu da hedabideen aurrera Sagardui, gaitzaren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak ezarriko dituen neurri murriztaileen berri ematera. Azken egunotan EAEn izaten ari den kutsatu kopuruaren gorakadaren aurrean, "neurri eraginkorragoak" iragarri ditu sailburuak.
Ildo horretan, test antigenikoak kutsatzeak geldiarazteko oso lagungarriak izango direla uste du, "infekzioa azkarrago atzemango delako", eta kutsatuta dagoen pertsona "azkarrago bakartuko" delako.
Koronabirusa inguratzen duen mintzaren proteina berehala atzematen da test antigenikoen bidez, bereziki sintomak agertu eta "lehendabiziko bost egunetan". Batez ere, positiboen kontaktu zuzenak izan direnei egingo zaizkie proba hauek, eta testa egiten duten egunean bertan jasoko dute emaitza; asko jota, 45 minutuan ematen du emaitza.
Sagarduiren hitzetan, "berme zientzifiko osoa" duten probak dira antigenikoak, eta Madrilgo Carlos III Osasun Institutuak egindako "balioztatze teknikoan" Osakidetzak ere parte hartu duela ziurtatu du.
Zertan datza test antigenikoa?
Test horien funtzionamendua ez da batere konplexua. PCR probak genoma atzematen duen eran, test antigenikoak birusaren proteina bat detektatzen du. Hain zuzen ere, kutsatuta dauden pertsona guztiek garatzen duten proteina berezi bat da proba horren bidez detektatzen dena.
Mikrobiologian asko erabiltzen den teknika bat da. Gripea atzemateko ere, gisa horretako probez baliatzen dira osasun arloko profesionalak.