KORONABIRUSA
Positiboen beherakada txikia izan da EAEn eta Nafarroan, 940 eta 500 kasura arte
AGENTZIAK
Positiboen portzentajea % 8,9koa da Euskadin, Gipuzkoako datu txarrek bultzatuta. Nafarroak % 15,8ko intzidentzia du.
Euskadik 1.000 kutsatze baino gutxiago atzeman ditu azken orduetan, 940 positibo berri izan baitira, bezperan baino 72 gutxiago, eta orotara 10.580 PCR proba egin dira. Beraz, positiboen portzentajea % 9,2tik % 8,9ra jaitsi da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, Bizkaia da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea, 477, aurreko eguneko 443 positiboen gainetik.
Gipuzkoan 381 positibo berri atzeman dituzte, aurreko jardunaldian 459 izan ziren, eta Araban 67, aurreko egunean 99 izan ziren. Beste 15 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
EAEko ospitaleetan, gaur egun, 76 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, hau da, aurreko egunean baino bi gehiago.
Euskadi eremu gorrian
Euskadi eremu gorrian sartu da, 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasutik 14 egunetan metatutako tasa gainditu duelako, eta Gipuzkoan izandako emaitza txarrek bultzatuta egin du hori, adierazle horrek 739,4 positibo eman baititu.
Izan ere, Gipuzkoan metatutako tasak gora egin du pixkanaka: ostiralean, 678,8; larunbatean, 707,2; eta igandean, 739,4. Beste bi lurraldeak 500 kasuren mugaren azpitik mantentzen diren arren, Gipuzkoako datu txarrek Euskadi osoa eremu gorrira eraman dute; ondorioz, larunbatean 500,6ko tasarekin sartu zen, eta atzo 527 kasurekin finkatu zen.
Une honetan, 39 herri daude Euskadin aipatutako eremu gorrian, Donostia barne, muga hori gainditzen duen lehen euskal hiriburua. Lurralde horretan, gainera, Urnietako egoera nabarmentzen da, 2.294 kasuko tasa metatua baitu. Bizkaian 9 herri daude eremu gorrian, eta bat ere ez Araban.
Ildo horretan, Jonan Fernandez Bizi Berri Planaren jarraipen taldeko koordinatzaileak pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko neurri "irmoak" eta "argiak" iragarri ditu, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa batean.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Adinaren arabera
Euskadin kasu berrietatik 356, 40 eta 64 urte artekoak dira, eta 239, 19 eta 39 urte artekoak. 18 urte arteko populazioan 156 kasu izan dira, 65 eta 79 urte bitarteko tartean 102, eta 80tik aurrera beste 59 kasu positibo aurkitu dira.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 19 eta 39 urte bitarteko biztanleei dagokie (648), eta txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitarteko biztanleei (370,9).
Oinarrizko ugalketa-kopurua, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 1,23koa izan da azken orduetan Euskadi osoan.
Positiboek behera egin dute Nafarroan
Nafarroak 501 positibo atzeman ditu igande honetan egindako 3.167 PCR eta antigeno probetan, hau da, % 15,8ko positibotasun tasa, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera.
Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 19 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietatik sei zainketa intentsiboetako unitateetan. Bi hildako ere izan ziren, 94 urteko bi emakume. Ondorioz, 676 pertsona hil dira guztira.
Zonaldeka, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 66 erregistratu dituzte, Tuteran % 11, eta Lizarran % 7. Gainerako positiboak (% 16) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Atzemandako kasuen adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da, guztizkoaren % 26. Ondoren, 15 eta 29 urte bitarteko taldeak daude, % 22; ondoren, 30 eta 44 urte artekoak, % 21; 15 urtetik beherakoak, % 13; 60 eta 75 urte bitartekoak, % 11; eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak, % 7. Kasu berrien batez besteko adina 40,7 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.
Nafarroako ospitale-sarean 401 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 12 gehiago), horietako 50 zainketa intentsiboetako unitaeetan daude (atzo baino sei gehiago) eta beste 70 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 281 paziente, ospitaletako gela arruntetan daude.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, eguneko datuen arabera, 29.105 da.
Adineko bat hil da Donostiako erresidentzia batean eta eguneko zentro bat itxi dute Gasteizen
Bestalde, Donostiako Alai-Etxe egoitzan adineko pertsona bat hil dela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pandemiaren bigarren olatuan 36 hildako izan dira lurralde horretako erresidentziatan, eta 84 sendatu dira.
Horrez gain, azken orduetan positibo bana antzeman dituzte Donostiako Lamorous eta Txarra II zentroetan. Egun, 72 pertsona dauden koronabirusarekin gaixorik Gipuzkoako egoitzetan.
Gasteizen Ajuria eguneko zentroa aldi baterako ixteko agindua eman du Osasun Sailak, erabiltzaile bat eta langile bat kutsatuta daudela baieztatu ostean. Erabiltzaile eta langile guztiei PCR probak egingo dizkietela zehaztu dute.
Halaber, Pablo Neruda erresidentzian beste hiru positibo izan dira: erabiltzaile bat eta langile bi, hain zuzen ere.
Bestalde, azken egunetan bost adineko sendatu dira Orobide erresidentzian eta Agure Arkaiate etxebizitza komunitarioan.
Bigarren olatua hasi zenetik 146 adineko gainditu dute koronabirusa Araban.
Urkulluk LABIren Aholku Batzordea premiaz deitu du
Iñigo Urkullu lehendakariak LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea deitu du astelehenerako, alarma egoera ezarri ostean Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatuko diren neurriak ezartzeko. Bilera 15:30ean hasiko da, eta hori amaitzean, Euskadirako neurri berriak iragarriko dituzte.
Urkulluk Presidenteen Konferentzian parte hartu ostean deitu du bilera, eta Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea bertan izan da, Next Generation Europako funtsen inguruan hitz egiteko.
Joan den ostiralean, lehendakariak tresna juridiko hori dekretatzeko eskatu zuen, autonomia erkidegoek kudeatu eta, "bizkortasunez eta presaz", COVID-19aren aurrean beharrezkoak diren murrizketak zehaztu ahal izateko, auzitegien eragozpenik gabe.
Ikasgelen egoera
124 ikasgela itxita daude Euskadin, COVID-19aren kasu positiboren bat atzeman ostean, hau da, ostiralean baino 21 gehiago, ikasturte honetan euskal hezkuntza-sisteman dauden eskolen % 0,71.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera (urriaren 26ko 12:00ak arte eguneratuta), Euskadin ez dago hezkuntza-jarduera presentziala etenda duen ikastetxerik.
Hala ere, 90 zentrok dute klaseren bat itxita positiboengatik, ostiralean baino 15 gehiago.
Bestalde, Nafarroan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.014 ikasle konfinatu dituzte asteburuan Foru Erkidegoko hezkuntza sare publiko eta itunduetan. Aldi berean, gaur, astelehena, 496 ikasle itzuli dira ikastetxeetara, eta berriz ere aurrez aurreko hezkuntza jaso dute, konfinamendu-aldia amaitu ostean.
Guztira, 3.070 ikasle daude etxean isolatuta, hau da, Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo guztien % 4,95. Konfinamenduak 151 ikasgelari eragiten die gaur egun, bi zikloetako bizikidetza-talde egonkorren % 4,33 baitira.