Koronabirusa
Udalerritik ateratzea galarazi eta EAE ixtea agindu du Jaurlaritzak
eitb.eus
23:00etatik 06:00etara ezingo da kalean ibili, ordu tarte horietan etxeratze agindua ezarri dutelako. Halaber, sei pertsonatik gorako bilerak galarazi ditu Jaurlaritzak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadiko udalerri guztiak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horrek esan nahi du justifikatutako arrazoiengatik soilik irten ahalko direla bizilekutik Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak: lanera, ikastera, sendagilearengana edo senitartekoak zaintzera joateko. Neurri horien helburua da COVID-19aren hedapena gelditzea, azken egunotan birusak izan duen bilakaeraren aurrean. Jarduera sozioekonomikoak tartean dauden kasuetan, udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduta egongo da.
Gainera, etxeratze agindua egongo da indarrean 23:00etatik 06:00etara eta ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu, eremu publikoan zein pribatuan.
Espainiar estatu osoan alarma egoera ezarri ostean eta Euskadik 100.000 biztanleko 500 kasuko langa igaro zuen egunean, EAErako neurri murriztaile berriak iragarri zituen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Izan ere, Espainiako estatuan alarma egoera ezartzeak Jaurlaritzari bidea ireki dio nahi dituen neurriak agintzeko, EAEko Justizia Auzitegiaren ebazpenak gorabehera.
Hala, erkidego osoan izango dute eragina hiru orduko bileran Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Kontseiluak (LABI) hartutako erabakiek, hau da, "udalerri gorrietan" mugak ez dira gainerakoetan baino zorrotzagoak izango.
Halaber, EAEren itxiera perimetrala agindu dute. Horrenbestez, EAEra sartzea edo handik ateratzea guztiz debekatuta egongo da, salbuespenak salbuespen. Joan-etorriak baimenduko dira, besteak beste, osasun zentroetara joateko, adinekoen, adingabeei edota menpeko pertsonen zaintza lanak egiteko, lanera edo hezkuntza zentroetara joateko, azterketa edo proba ofizialak egiteko, baimenak edota dokumentazio ofiziala berritzeko, organo publiko, judizial edo notarialetan izapideak egiteko, edota mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru erakundeetara edo gasolindegietara joateko.
Horrez gain, arau orokor moduan eta goian aipaturiko salbuespenak salbuespen, herritarrek ezingo dute beren bizilekutik atera. Hala ere, mugakide diren udalerrietan mugikortasuna baimenduko da, jarduera soziekonomikoak, banakako kirol jarduerak edo aire zabalean jarduera fisikoa egiteko.
Gaueko mugikortasuna mugatu egingo dute. Hots, 23:00etatik 06:00etara ezingo da kalean ibili, ordu tarte horietan etxeratze agindua ezarri dutelako. Dena dela, ordu tarte horretan kalera atera ahal izango da, hala nola, sendagaiak erostera, osasun edota albaitaritza zentroetara joateko, zaintza lanak egiteko edo lantokira joateko.
Alabaina, garraio publikoak 00:00ak arte emango du zerbitzua, ostalariei etxeratzea errazteko asmoz.
Ostalariek 23:00ak arteko zerbitzua eskaini ahal izango dute, beti ere, dagoeneko indarrean dauden edukiera neurriak eta segurtasun arauak betez.
Bukatzeko, bizikide ez direnen artean sei pertsonatik gorako bilerak galarazi ditu Jaurlaritzak, eremu publikoan zein pribatuan. Horixe da, hain zuzen, Auzitegi Nagusiak iragan astean eragotzi zien neurria.
Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoan adierazi zuen, alarma egoeraz baliatuta, "erreminta guztiak" erabili behar dituztela, Euskadin egoera epidemiologikoa "kezkagarria" delako. Horregatik erabaki dute aipatutako murrizketak EAE osora zabaltzea.
Beraz, "udalerri gorrietan" kendu egin dute tabernak eta jatetxeak 21:00etan zarratzeko debekua. Hau da, gainerako udalerrietan bezala, 23:00ak arte egongo dira zabalik ostalaritza establezimenduak.
Aipatu neurri murriztaileak gaur, 06:00etan, sartu dira indarrean, 36/2020 Dekretua, 2020ko urriaren 26koa, EAEko Aldizkari Ofizialean publikatu ostean, eta gutxienez 15 egunez egongo dira indarrean, baina pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du horien baliogabetzea edo mantentzea.