Itxi

KORONABIRUSA

EAEk 45 hildako zenbatu ditu azken astean eta 1.164 positibo azken 24 orduetan

AGENTZIAK

Leer en Castellano

Nafarroak ehundik gora jaitsi ditu positiboak, 461 kasura arte, eta positibo tasak ere behera egin du, % 11,3ra arte. Osasun arduradunek adierazi dute oraindik aste gogorrak geratzen direla.

Your browser doesn’t support HTML5 video

COVID-19aren ondorioz, 45 hildako zenbatu dituzte azken astean Euskadin, aurreko astean baino bat gehiago, orduan 44 izan baitziren, eta 15.509 PCR eta antigeno probatan 1.164 positibo atzeman dituzte azken orduetan, astelehenean baino 186 gehiago. Positibo tasa, halere, % 7,5era jaitsi da.

Hala, Euskadik 'alerta gorrian' jarraitzen du, asteartean 100.000 biztanleko 582,03 kutsatze atzeman baitzituen 14 egunean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, atzo 15.509 test diagnostiko egin zituzten, aurreko egunean egindako 11.935 testen gainetik, eta positiboen ehunekoa % 8,2tik % 7,5era jaitsi da, daturik onena duela astebetetik.

Gipuzkoa da kutsatze berri gehien atzeman dituen lurraldea, 511, aurreko egunean 413 izan ziren. Bizkaian 500 kutsatze berri atzeman dituzte, astelehenean baino 43 gehiago, eta Araban 143, aurreko egunean baino 57 gehiago. Beste 10 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie, astelehenean baino 12 gutxiago.

Bilakaera horrekin, hiru lurraldeetako egoera epidemiologikoa okertu egin da, batez ere Gipuzkoan; izan ere, 100.00 biztanleko 811 kasu pilatu ditu 14 egunean. Bizkaian 478,8 kasu izan dira eta Araban 393,6.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 73 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusarekin, hau da, aurreko egunean baino bi gehiago, eta, gaur egun, zainketa intentsiboetako unitateetan 75 pertsona daude COVID-19aren ondorioz, aurreko egunean baino bat gehiago. Guztira, 405 pertsona daude ospitaleratuta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Oinarrizko ugalketa-kopurua, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 1,21ekoa izan da azken orduetan Euskadi osoan.

Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaile Ignacio Garitanok COVID-19a dela-eta Euskadiko egoera epidemiologikoa aztertuko du.

19 heriotza Nafarroan

Azken astean 19 pertsona hil dira Nafarroan, eta aurreko astean 32, Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu duenez. Foru Erkidegoak 100 inguru jaitsi ditu koronabirus kasu positiboak azken 24 orduetan, atzo 461 atzeman baitzituzten, Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak emandako datuen arabera.

Asteartean 4.051 proba (PCR eta antigenoen testak) egin zituzten eta positibo tasa % 11,3koa izan zen.

Asteleheneko 578 kasuekiko beherakada horrek erkidegoaren datu txarrak arintzen ditu pandemiaren bigarren olde honetan, ia egunero zifra altuak errepikatzen baitira, horietako batzuk 700 ingurukoak.

Hala ere, Osasun Departamentuak adierazi du oraindik egun eta aste gogorrak geratzen direla eta Foru Erkidegorako onartutako azken murrizketen eraginkortasuna ezin izango dela egiaztatu zenbait egun igaro arte.

Osasun sare integratuan 387 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Horietako 50 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, 68 etxean artatu dituzte eta 269 ospitalean daude. Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 31 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, hiru zainketa intentsiboetako unitatean, eta zazpi pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz. Beraz, 695 pertsona hil dira guztira.

Santos Indurainek asteazken honetan iragarri duenez, Nafarroak asteburuetan irekiko ditu osasun zentroak, COVID-19 kasuak artatzeko, eta pandemiari aurre egiteko baliabide gehiago emango dizkie ospitaleei. Kontseilariak azaldu duenez, aste honetan antolakuntza aldaketa egingo dute lehen mailako arretan, eta hori "funtsezkoa da koronabirusa geldiarazteko".

Hala, larunbat eta igande goizean Iruñeko eta eskualdeko hiru osasun-zentro irekiko dituzte, bat-bateko sintomak dituzten pertsonak artatzeko eta kasuen jarraipena egiteko. Hori hala erabaki dute biztanle eta positibo gehien dituen (erkidegoko % 60) eremua delako.

Asteburuetako irekiera horiek lehen mailako arretako langile boluntarioekin beteko direla adierazi du.

Gainera, ospitaleetan, Nafarroako Osasun Zerbitzuak espazio eta baliabide berriak jarriko ditu COVID gaixoen arretarako, eta presazkoa ez den kirurgiako "gutxieneko" programazioa bertan behera utziko dute.

Indurainen hitzetan, Nafarroako Gobernuak "une honetan" ez du aurreikusten COVID-19aren kutsatzeak geldiarazteko martxoan eta apirilean aplikatu zen bezalako konfinamendurik.

Indurainen esanetan, aukera hori "azken neurria" da, eta, hain zuzen ere, azken asteotan hartzen ari diren neurri murriztaileek "egoera horretara iristea saihestu" nahi dute. "Guztiok buruan dugun konfinamendu gogorra, une horretan bizi genuena, ez da aztertzen ari garen zerbait, azken neurria delako", esan du.

Ikasgelen egoera

134 ikasgela itxi dituzte asteazken honetan Euskadin, COVID-19aren kasu positiboren bat atzeman ostean, asteartean baino bat gehiago; hau da, ikasturte honetan euskal hezkuntza-sisteman dauden eskolen % 0,76.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera (urriaren 28ko 12:00ak arte eguneratuta), Euskadin ez dago hezkuntza jarduera presentziala etenda duen ikastetxerik.

Hala ere, 95 zentrok dute ikasgelaren bat itxita, astelehenean baino bost gehiagok. Guztira, 134 gela daude itxita, eta aurreko egunean 133.

Nafarroan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 220 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, gaur egun 2.969 ikasle daude euren etxeetan isolatuta. Bi zikloetako ikasle guztien % 4,79 dira, eta 86 ikastetxetan konfinatuta dauden 147 geletako batean daude, berrogeialdian gera daitezkeen bizikidetza-talde egonkor guztien % 4,33.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (4)

Bideoak (1)