Itxi

Koronabirusa

Euskadin 46 hildako zenbatu dituzte COVID-19aren ondorioz azken astean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Beheranzko joerari eutsi diote positibo berriek Nafarroan: 340 atzeman dituzte, urriaren 7tik izandako daturik baxuena da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Autonomia Erkidegoan 46 heriotza zenbatu dituzte COVID-19arekin azken astean, eta 1.425 positibo azken 24 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera.

Atzo 15.611 test diagnostiko egin zituzten, eta 1.425 positiboak izan ziren. Positiboen portzentajea % 9,1ekoa da.

Kutsatze kopurua bezperan (1.120) baino handiagoa da, baina asteartean 15.611 test diagnostiko egin ziren, ia 4.000 gehiago, hau da, astelehenean baino 3 hamarren gutxiago (% 9,4).

Urriaren 26tik azaroaren 1era bitarteko astean metatutako datuak aztertu ondoren, Osasun Sailak jakinarazi du 46 heriotza izan direla COVID-19arekin zuzenean lotuta, hau da, urriaren 19tik 25era bitarteko astean baino hildako bat gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako positibo berri guztietatik, 630 Gipuzkoan zenbatu dituzte (astelehenean baino 140 gehiago), 623 Bizkaian (117 gehiago) eta 163 Araban (50 gehiago). Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren edo egoitza ezezaguna duten bederatzi lagunek positibo eman dute EAEn egindako testetan.

Intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du, hamalau egunera 100.000 biztanleko 743,4 kasu izan dira Euskadin, eta Gipuzkoan, berriz, 1.007,9. Bizkaian 632,6 kasu eta Araban 493,6.

Udalerrien egoerari dagokionez, 57 udalerrik dituzte 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako tasak, aurreko egunean baino 4 gehiagok.

"Eremu gorriaren" zerrendan sartu berri dira Bizkaian Barakaldo, Getxo eta Zaia, eta, Gipuzkoan, Orio. Bi lurralde horiek egoera horretan dauden 57 udalerrietatik 56 biltzen dituzte (23 Bizkaian eta 33 Gipuzkoan), Araban Agurain bakarrik baitago.

Gipuzkoan, pandemiak gehien kaltetutako lurraldean, 5.000 biztanletik gorako udalerri bakarra dago, Mutriku, 500 kasuren tasatik behera dagoena.

R0 indizeak (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen du) gora egin du azken egunetan beheranzko joera izan ostean, asteleheneko 1,08tik asteartean 1,09ra igo baita.

Ospitaleen egoerari dagokionez, zainketa intentsiboetako unitateetan 107 pertsona daude gaur egun, aurreko egunean baino bat gehiago. Oraingoz, Osakidetzak ez du ospitaleratze berrien kopurua eta EAEko ospitaleetan dauden gaixoen kopurua eguneratu.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Azken orduetan Bizkaiko lurralde historikoan adineko pertsonentzako egoitzen 3 erabiltzaile hil dira COVID-19arekin. Gainera, 47 positibo baieztatu dituzte azken orduetan, eta 13 adineko ospitaleratuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren esku dagoen informazioaren arabera. Bestalde, 2.030 sendatu egin dira jada.

Gaur egun 9 zentro dituzte kaltetutako egoiliarrak: Aitzea-Gamiz-Fika (22), Aspaldiko-Portugalete (13), Zorrozgoiti-Bilbo (3), Joxe Miel Barandiaran-Durango (3), Leioa-IFAS laguntza-zentroa (1), Anai Cantero II-Bilbao (1), Anai Cantero III-Bilbao (1), Olimpia-Bilbao (1) eta Zure Etxea-Sopuerta (1).

Horrez gain, 87 pertsona hartzen ditu Birjinetxeko unitate espezializatu soziosanitarioak, koronabirusak eragindako infekzio-kasuak artatzeko. Horietatik, 51 egoitza-zentroen sarearen erabiltzaileak dira, eta 36 hauskortasun-egoeran daude, ospitaleratu ondoren berrogeialdia egiten ari direnak.

EAEko ikastetxeen egoera

91 ikastetxetako 132 ikasgela itxi dituzte asteazken honetan Euskadin COVID-19 kasuren bat atzeman ostean, hau da, astelehenean baino 36 gutxiago (eskola guztien % 0,75). Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera etenda duen ikastetxerik.

Behera egin dute kasuek Nafarroan

Koronabirus positiboek beherantz jarraitzen dute Nafarroan, Gobernuak neurri murriztaileak ezarri zituenetik 15 egun pasatu diren honetan. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, azaroaren 3an 340 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino ia 90 gutxiago, % 9ko positibotasunarekin, eta aurreko egunean 431 kasu zenbatu zituzten % 11,6ko positibotasunarekin; igandean, berriz, 525 kasu eta % 11,6ko positibotasuna atzeman zuen Nafarroak.

Eguneko 500 kasuko langatik behera kokatu da, horrenbestez, Nafarroa bigarren egunez. Urriaren 7tik izandako zifrarik baxuena da gaurkoa.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo 38 ospitaleratze berri izan zirela Nafarroan gaixotasun horrekin lotuta, horietako bi zainketa intentsiboetako unitateetan, eta bost heriotza izan direla: 52, 81 eta 97 urteko 3 gizon eta 83 eta 94 urteko 2 emakume. Halaber, aurreko egunetan izandako beste bost heriotza jakinarazi dituzte: 78, 93 eta 97 urteko hiru gizon eta 84 eta 88 urteko bi emakume. Beraz, arrazoi horrengatik izandako heriotzen kopurua 737koa da.

Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 47 daude, Tuteran % 23, eta Lizarran % 10. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Iruñeko Arrotxapea auzoa da buru, 20 positiborekin. Tutera Ekialdea kokatu da bigarren, 16rekin, eta Tutera Mendebaldea hirugarren, 15ekin. Ribaforada eta Mendillorri (Iruñea), biak 9na kasurekin, osatzen dute kasu gehien dituzten bost udalerrien zerrenda. 

Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, talderik handiena 45 eta 59 urte artekoa da (% 27), eta ondoren 15 eta 29 urte artekoa (% 20). Ondoren, 15 urtetik beherakoen eta 30 eta 44 urte bitartekoen taldeak daude (% 17); 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 11) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 8). Kasu berrien batez besteko adina 40,3 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 416 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 5 gehiago), horietatik 60 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 68 etxeko ospitaleratzean (zazpi gehiago). Gainerakoak, 288 paziente, gela arruntetan daude.

Atzoko datu positiboak batuta, birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 34.483 kasukoa da Nafarroan.

COVID-19aren eraginpean dauden Osasun Sistema Publikoko profesionalei dagokienez, Osasunbideak jakinarazi du 137 positibo aktibo daudela gaur egun eta azken astean 47 kutsatu direla. Ia 13.000 profesional daude lanean.

Foru Dekretua

Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak beste 14 egunez luzatzeko erabakiarekin bat egin du beherakada honek. Gaur gauerdian sartuko da indarrean mugimenduak erkidegoaren perimetrora mugatzen dituen Foru Dekretuaren luzapena, arrazoi larrien ondoriozko lekualdaketetarako izan ezik; ostalaritzako establezimenduen itxierari eutsiko zaio, bilera publiko eta pribatuetako pertsonen kopurua 6ra mugatuko da eta, oro har, gaueko mugikortasuna debekatuko da 23:00etatik 06:00etara bitartean.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, azken datuen arabera, hartutako neurri murriztaileek "eragina izaten hasi dira", baina egoera "zuhurtziaz" baloratu du.

Remirezek Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan esan duenez, "datu horiek itxaropenera garamatzate, badirudi neurriek eragina izaten hasi direla".

Hala ere, adierazi duenez, "oraindik ez da ospitaleko karga jaisten hasi; izan ere, gaur egun 416 daude ospitaleratuta, atzo baino bost gehiago". Ospitaleratutako pertsona guztietatik, 60 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (aurreko eguneko kopuru bera), 286 gela arruntetan eta 68 etxean.

Gobernuko bozeramailearen esanetan, "ospitale-sistema jasaten ari den presioa altua da, eta uste dugu datozen egunetan ezin izango duela behera egin, aurreko hamar edo hamabost eguneko ospitaleratzeak jasotzen ari baikara orain".

Espainiako datuak

Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zenbaketa sistema berria jarri du martxan, eta 25.042 kasu berri azaleratu dira. Horrenbeste, pandemia hasi zenetik 1.284.408 dira koronabirusak kutsatutakoak eta 38.118 hildakoak.

Atzotik, 8.924 positibo atzeman dituzte Estatu osoan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)