IKERKETA
KN95 maskarak dira partikula ultrafinak iragazteko eraginkorrenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikerketa batek maskara ez-klinikoetan erabili ohi diren ehun gehienak partikula ultrafinak iragazteko eraginkorrak direla frogatu eta KN95en eraginkortasuna nabarmendu du.
SARS-CoV-2 birusak, esaterako, izan ditzakeen partikula ultrafinak harrapatzeko maskaretarako zein material den eraginkorrena zehazteko ikerketa bat egin du Erresuma Batuko Northwestern Unibertsitateko eta Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Ikerketak ondorioztatu duenez, partikulak iragazteko maskararik eraginkorrenak KN95ak dira.
Askotariko ehunak (kamisetak eta hutsean ontziratzeko poltsak tartean) abiadura handian doazen 0,02 eta 0,1 mikrometro arteko partikulak (birus gehienen tamaina, gutxi gorabehera), eztul eginez eta arnasketa sakonaren bidez aireratzen direnak esaterako, iragazteko eraginkorrak diren aztertu dute ikertzaileek.
Emaitzei erreparatuta, maskara ez-klinikoetan erabili ohi diren ehun gehienak partikula ultrafinak iragazteko eraginkorrak dira, baina KN95 maskarak bereziki eraginkorrak dira.
Ehun bakoitzak arnasketaren erresistentziaren aurrean duen errendimendua ere aztertu du ikerketak. Ikertzaileen arabera, "partikulak oso ondo blokeatzen dituen baina arnasketa murrizten duen maskara bat ez da maskara eraginkorra", eta "KN95 maskarekin antzeko iragazketa maila duten edozein ehun konbinaziorekin baino errazago arnasten da", horien esanetan.
Etxeko maskarak aztertuta ondorioztatu dutenez, oihal geruza askorekin egindako maskarek eta lepoak gogortzeko erabili ohi den interfazea duten maskarek nabarmen hobetu dute errendimendua. Hala ere, hobekuntza horren ondorioz, zailagoa da horien bidez arnasa hartzea.
Maskaren berrerabilpena
Ehun horiek heze daudenean eta garbitzeko eta lehortzeko ziklo normala igaro ondoren ere aztertu dute ikertzaileek horien errendimendua. Emaitzen arabera, oihalek ondo funtzionatzen dute heze egonda eta behar beste funtzionatzen dute garbitu eta lehortu ondoren. Hala ere, adituek ohartarazi dute maskarak ez direla mugarik gabe behin eta berriro erabili behar, askotan garbitzeak degradatu egiten baititu oihalak.