Itxi

Koronabirusa

Osasun Sailak ohartarazi du presioak goraka egingo duela ospitaleetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, une honetan 107 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan, duela astebete baino 32 gehiago, hain zuzen ere.  

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berretsi egin du koronabirusaren ondorioz osasun egoera "kritikoa" dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ohartarazi du datozen egunetan "presioak gora" egingo duela ospitaleetan, "gaurko ospitaleratze asko bihar zainketa intentsiboetako unitateetan izango direlako".

Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du Sagarduik pandemiaren bilakaerari buruzko xehetasunak emateko, eta, azaldu duenez, une honetan 107 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, duela astebete baino 32, hain zuzen ere. Unitate horietan 208 ohe daudela kontuan hartuta, okupazioa % 28koa da.

Gauzak horrela, Sagarduik onartu du presioa goraka doala erietxeetan eta, ondorioz, zainketa intentsiboetako unitateen kasuan kontingentzia planaren hirugarren mailara igarotzear daudela esan du. Fase horretan sartuta, adierazi duenez, litekeena da Osakidetzak eskaintzen duen osasun arretari eragin diezaiokeen "erabakiren bat" hartu behar izatea, baina zerbitzua bermatuta egongo dela ziurtatu du.  

Babes Zibileko Planaren Aholkularitza Batzordeak (LABI) ostegun honetan egingo duen bilerari dagokionez, Sagarduik esan du posible dela neurri murriztaileak gogortzeko erabakia hartzea, bederatzi egun eta gero kutsatze kopuruak gorako joerari eusten diolako, "abiadura motelagoan bada ere".

 

 

Albisteak (2)