Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Alfredo Martinez: "Gure kezka nagusia da neguan bilakaerak okerrera egitea"

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Aurrenekoz, behera egin du Nafarroako ZIUetan dauden gaixoen kopuruak. Nafarroako Ospitale Guneko gerenteak esan du "baikorrago" dagoela, eta orain arteko planari eutsiko diotela.

Nafarroako Ospitalea. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Alfredo Martinez Nafarroako Ospitale Guneko gerenteak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan du "baikorrago" dagoela, kutsatzeen bilakaerari dagokionez. Halere, ospitaletako presioa handia dela adierazi du: "Sistema prest zegoen, aurreikusitako zerbait zelako, eta orain arteko kontingentzia planaz baliatuko gara datozen asteetan ere".

Martinezek azaldu duenez, gaixoarentzat kaltegarria izan zitekeen kasuetan ez dute ebakuntzarik atzeratu. Zainketa intentsiboetako unitatean dauden 60 kasuei buruz nabarmendu du ohe gehiago ezartzeko aukera ere badutela: "Arazoa da giza baliabideak eta leku fisikoak egokitu beharko ditugula horretarako".

Ildo horretan, gogora ekarri du apirileko unerik latzenetan 96 gaixo egon zirela ZIUetan: "Aurrenekoz, jaitsi egin da ZIUetan dauden pertsonen kopurua (61etik 60ra). Sanitarioek estres handia dute, pandemiak eragindako aldaketengatik. Berriro ere, emozionalki oso gogorrak diren baldintzei aurre egiten dabiltza".

"Neguko hilabeteak gertu ditugu, eta baliteke, neurri garrantzitsuak hartuta ere, nahikoa ez izatea", erantsi du Martinezek. "Beharbada murrizketa zorrotzagoak ezarri beharko dituzte", bukatu du.

Albisteak (2)