Itxi

Koronabirusa

Taldean korrika egitea edo bizikletan ibiltzea debekatu ditu Jaurlaritzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Sei pertsonako taldeak osatu ahalko dira paseatzeko. Maskara derrigorrezkoa da bizikletan ibiltzeko hiriguneetan; ez, ordea, menditik ibiltzeko.

Bizikletaz bakarka bakarrik ibili ahalko gara aurrerantzean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak (Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpekoa) eguneratu egin ditu alarma egoeran kirola eta jarduera fisikoa egiteko jarraibideak. Dokumentu berriak, azaroaren 4ko data duenak, debekatu egin du aire zabalean taldean kirola egitea. Hots, taldean korrika egitea, bizikletan edo patinekin ibiltzea. Kirola bakarka egin beharko da orain. Paseoan taldean ibiltzea, ordea, baimenduta dago, baldin eta gehienez sei pertsonako taldetan egiten bada.

Hori horrela, galarazita daude txirrindulari tropelak edo korrikalari taldeak.

Taldekako paseoak (gehienez sei pertsona) baimenduta daude, baina betiere pertsonen arteko harremana saihestuta eta musukoa aldean eramanda hiriguneetan. Mendian zehar egindako paseoetan, oinez zein bizikletan, maskara ez da derrigorrezkoa. Gainera, Euskal Mendizale Federazioaren arabera, mendira joateko ondoko herri batera autoz joatea "ez dago debekatuta".

Halaber, musukoa nahitaezkoa da bizikletan gure udalerrian edo ondokoan bagabiltza.

Eskola kirolari dagokionez, urriaren 28an ezarritako muga eta irizpide berei eutsi diete (gehienez sei pertsonako entrenamenduak udalerrian edo ondokoan). Dena dela, salbuespen bat ezarri dute: ume edo nerabearen ikastetxean (bizi den udalerrian edo ondokoan ez badago ere) antolatutako kirol entrenamenduetara joan ahalko da, hura ikastetxean bertan eta behin eskolak amaituta egiten bada.

Kirol lehiaketa, ekitaldi edo ikuskizun batera publiko gisa joateko, beharrezkoa izango da udalerri horretan edo ondokoan bizitzea, baina LABI batzorde teknikoak gomendatu du ez joatea espazio itxietan egiten bada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (3)