Itxi

UPV / EHU

UPV/EHUko Errektoretzarako hauteskunde kanpaina hasi da

EITB.EUS

Leer en Castellano

Kanpaina gaur (azaroak 9) hasi eta azaroaren 23an amaituko da. Errektore kargurako hautagaitza bakarra Eva Ferreira katedradunarena da. Ferreirak azaroaren 12an aurkeztuko du bere programa.

Leioako campusa, UPV/EHU. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Gaur hasi da ofizialki Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea aukeratzeko hauteskunde kanpaina. Gaur (azaroak 9) hasi eta azaroren 23an amaituko den kanpainarako hautagai bakarra Eva Ferreira da.

Joan den azaroaren 4an hautagaitzen behin-behineko aldarrikapena egin zen, eta horren kontra egiteko epea gaur amaitu da. Horrela, hauteskunde egutegiak beste pauso bat eman du gaur, hautagaitzak behin betiko aldarrikatuta eta kanpainari hasiera formala emanda.

Errektore izateko hautagai bakarra Eva Ferreira García da. Ekonomia Aplikatuko katedradunak aurretik ere egin du lan UPV/EHUko kudeaketaren arloan; Ekonomia Gaien eta Antolakuntza Akademikoaren arloko errektoreordea izan zen (2004-2008), eta erakunde beraren idazkari nagusia (2009-2012).  

Ferreirak azaroaren 12an, Bizkaia Aretoan, egingo den Ezohiko Klaustroan aurkeztuko du bere gobernu programa. Pandemiak sortutako egoera dela eta, klaustroko kideek modu presentzialean edo telematikoan parte hartuko dute bileran.

Unibertsitateak botoa aurretik emateko epea luzatu du, eta hauteskunde kanpainak dirauen bitartean bozkatu ahalko da. Horrela, botoa emateko modua erraztu eta bozketa eguneko jende pilaketak saihestu nahi dira. Gaurtik eta hilaren 23ra arte, unibertsitate kolektibo guztietako kideek (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta irakasle eta ikertzaileak) botoa aldez aurretik emateko aukera izango dute, NAN kopia bat erakutsita, unibertsitateko eraikin, fakultate edo eskola guztietan horretarako egokitutako lekuetan. Hauteskunde egunean, azaroaren 26an, 09:00etatik 18:00etara egongo dira irekita hautetsontziak.  

Bozkatzeko sistema

Unibertsitatea osatzen duten kide guztiek dute botoa emateko eskubidea, baina boto haztatua erabiltzen dute. Horrela, bozketaren azken emaitza ehuneko hauen arabera zehazten da: botoen % 56,25 irakasle doktore iraunkorrenak izango dira; % 22,08, ikasleenak; % 12,06, administrazio eta zerbitzuetako langileenak; % 7,50, irakasle doktore ez-iraunkorrenak; eta % 2,09, gainerako irakasle-ikertzaileena.

Oraingoan bezala, hautagaitza bakarra dagoenean, aukeraketa itzuli bakarrean erabakiko da. Hautesleek aurkeztutako hautagaiaren alde bozkatu edo boto zuria eman ahalko dute. Hautagaia errektore bihurtzeko, botoen heren bat lortu beharko du gutxienez.

Bideoak (1)