Koronabirusa
"Sistemak ez du gainez egin", ziurtatu du Osakidetzak
eitb.eus
Hala ere, Garitanok aitortu du egungo presioarekin litekeena dela Eusko Jaurlaritzak ZIU ohe kopurua 282tik 427ra igotzea. Gaur egun 130 pertsona daude COVID-19ak jota ZIUetan.
Ignacio Garitano Osakidetzaren eta Osasun Sailaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzaileak COVID-19aren egoera aztertu du, eta ziurtatu du presioa handia bada ere, osasun sistemak ez duela "gainez egin".
Lehendakaritzan emandako prentsaurrekoan, Garitanok aitortu du EAE kontingentzia planaren 3. eszenatokira (5 daude guztira) gerturatzen ari dela, hau da, ZIUko ohe kopurua egungo 282etatik 427ra igotzear daudela. Gaur egun 130 pertsona daude COVID-19arekin ZIUetan.
Koordintaizaleak azpimarratu du helburua osasun sistemak gainezka ez egitea dela.
Osakidetzak ebakuntzak atzeratu ditu
Osakidetza hainbat ebakuntza atzeratzen ari da oheak "eskuragarri daudela bermatzeko", pandemiaren eraginez presioa igo den honetan.
Garitanok esan du Osasun Sailak "berrantolaketara" jo duela larrien dauden kasuei lehentasuna emateko.
Koordinatzaileak ez du zehaztu zein ospitaletan hartu dituzten neurri horiek, eta "orokorrean" ebakuntzak behar denean egiten ari direla.
Bestalde, EAEn seroprebalentzia azterketa egingo dutela jakinarazi du, antigorputzak sortu dituzten herritar kopurua zein den jakiteko.
Eibarren itxi duten hezkuntza zentroaz galdetuta, erantzun du ez dela Osakidetzaren aginduz izan, baizik eta "barne erabakia", zentroko antolaketarekin zerikusia duena.
Pfizerren txertoa ere izan du hizpide, eta albiste "baikorra" dela adierazi du, "immunizazio tasa oso ona" delako, baina oraindik ezagutzeko dauden datuak onak izatea behar dela.