SUTEA ARABAN
Pertsona bat oso larri zauritu da Oiongo enpresa kimiko bateko sute batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sutea Kupsa enpresan piztu da eta industrialde osoa hustu dute. Zauritua Logroñoko San Pedro ospitalera eraman dute "erredura handiekin".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pertsona bat "oso larri" zauritu da gaur eguerdian Oiongo (Araba) El Puntido industrialdeko enpresa kimiko batean izandako sute batean, eta erabat hustu dute.
Ertzaintzaren bozeramaile batek jakitera eman duenez, sutea arratsaldeko ordu bata aldera piztu da pinturak, bernizak eta lakak egiten dituen Kupsa enpresan, eta pertsona bat "oso larri" zauritu da "erredura handiak" eginda, eta Logroñoko San Pedro ospitalera eraman dute. Hala ere, ondoren Gurutzetako erreduren eremura lekualdatu dute.
Segurtasun Sailaren arabera, "hainbat leherketa" izan dira aipatu enpresan. Eusko Jaurlaritzak leihoak ixteko aholkatu die herritarrei, errautsak zabaldu direlako; baina ondoren kendu egin du aholku hori, 16:00ak baino lehentxeago sua itzaltzea lortu ostean.
Industrialde osoa jendez hustu dute, eta sua itzaltzeko lanean aritu dira Logroñoko, Guardiako, Langraiz Okako, Espejoko eta Kanpezuko suhiltzaileak. Errioxako Suteak Itzaltzeko, Salbamenduko eta Babes Zibileko Zerbitzuen Partzuergoko kideak ere bertaratu dira, eta Larrialdiak Artatzeko teknikari batek koordinatuta aritu dira guztiak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko eta Osasun Saileko teknikariak ere bertaratu dira, baita Osakidetzako teknikariak ere.