Itxi

NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA

Gipuzkoak elurra kentzeko 86 makina eta 4,5 milioiko aurrekontua izango ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

AP-8 autobidearen Zestoako sarreran kokatuko den neguko bidezaintza zentro berria urtarrilean egongo da martxan.

Elurra kentzeko kamioi bat. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020-2021eko Neguko Bidezaintza Planaren nondik norakoak aurkeztu ditu gaur goizean. Guztira, elurra kentzeko 86 makina eta 4,5 milioi euroko aurrekontua izango ditu. Gainera, urtarriletik aurrera martxan izango da Neguko Bidezaintza Zentro berria, Zestoan.

Neguko Bidezaintza Plana azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Euskalmetek izotzagatik (edozein mailatan) edo elurragatik (1.000 metrotik behera) abisuak ematen dituenean aktibatuko da. 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur azaldu duenez, Gipuzkoak 86 kamioi izango ditu, eta urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-1 eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie, ibilgailu astunen batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko direnak. 

Guztira 9.700 tona gatz biltegiratuko dira, 38 gordailutan banatuta.

Bide Azpiegituretako Departamentua ondorengo erakundeekin elkarlanean arituko da: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Berritasun gisa, Neguko Bidezaintza Zentro berri bat izango du Gipuzkoak, Zestoan, AP-8 autobidearen sarreran. 

Zentro berriak aparkaleku estali bat izango du, elurra kentzeko 15 makinarentzako tokiarekin, 1.500 tonako gatz biltegi bat, gatzuna prestatu eta biltegiratzeko gordailuak, elurra kentzeko kamioientzako gatza kargatzeko gunea eta garbiketa eremua.

Urtarrilean egongo da martxan eta 1,4 milioi euroko aurrekontua izan du. Neguko Bidezaintza Planaren 3,1 milioi gehituta, 4,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Zestoako gune berria amaitu arte, Bidegik Zarautzen duen zentroan jarraituko du neguko bidezaintza dispositiboak.

Albisteak (3)