Itxi

Koronabirusa

Goraka doaz COVID-19ak eragindako ospitaleratzeak EAEn eta 146 pertsona ZIUn daude

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

209 kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan Nafarroan eta 1.243 EAEn. Positibotasun tasa % 7,2ra igo da Nafarroan eta % 8,2koa da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

1.243 positibo atzeman dituzte COVID-19an ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, aurreko egunean baino 177 gutxiago baina positibotasuna % 8,2koa izan da. Gainera, 87 pertsona ospitaleratu dituzte eta 146 daude Zaintza Berezien Unitateetan, bezperan baino 12 gaixo gehiago.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15.202 PCR eta antigeno proba egin zituzten ostiralean. Horietatik, 1.243 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun tasa % 8,2koa izan da.

Lurraldeka, Bizkaiak izan du positibo gehien (572 kasu), aurreko egunean baino 81 gutxiago. Bestalde, Gipuzkoan 527 pertsona kutsatu dira, ostegunean baino 92 gutxiago, eta Araban 139 kasu izan dira, bi gehiago. EAEtik kanpo bizi diren pertsonen bost kasu positibo ere izan dira.

EAEko ospitaleetan 87 gaixo ospitaleratu dituzte azken egunean, ostegunekoan baino 27 gehiago. Gainera, COVID-19a duten 146 pertsona daude ZIUn, aurreko egunean baino 12 gehiago.

Bestalde, zahar egoitzetako beste hiru erabiltzaile hil dira joan den ostegunetik COVID-19agatik EAEn, bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Bizkaian, 89 adineko hil dira dagoeneko pandemiaren bigarren olatuan, eta 55 Gipuzkoan.

Nafarroako Gobernuaren behin-betiko datu ofizialen arabera, COVID-19 kasuek egonkortze fasean jarraitzen dute Foru Erkidegoan. Hala, atzo, ostirala, 209 positibo atzeman zituzten (bezperan 220) eta kopuruak eguneko 250 kasutik behera jarraitzen du. Dena dela, positibotasun tasa % 72ra igo da, egindako 2.910 probetatik 208k positibo eman ondoren.

Gainera, atzo 98 urteko gizon bat hil zen eta aurreko egunetan bi heriotza gehiago izan zirela jakinarazi zen, 90 urteko beste gizon bat eta 87 urteko emakume bat, alegia.

Zonaldeka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten positibo berrien % 46, Tutera aldean % 23 eta Lizarraldean % 10. Gainerako positiboak ( % 21) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman zituzte.

Adin-tarteei dagokionez, 45-59 urte bitartekoen taldea da nagusi ( % 27), eta, ondoren, 15 urtetik beherakoena ( % 19). Jarraian, 75 urtetik gorakoena dago ( % 18), ondoren 30 eta 44 urte bitartekoak ( % 14) eta 15 eta 29 urte bitartekoak ( % 13); azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago ( % 9).

Kasu berrien batez besteko adina 45,1 urtekoa da.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 317 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 24 gutxiago): 60 ZIUn daude (atzo baino bat gutxiago) eta 43 etxeko ospitaleratzean (atzo baino sei gutxiago). Gainerakoak, 214 paziente, plantan daude.

Gainera, Nafarroak gaur egun 152 kasu positibo ditu adinekoen zentroetan, dagoeneko identifikatu dituzten agerraldiek eragindakoak, Gizarte Eskubideen Departamentuak emandako datuen arabera. Maria Carmen Maeztuk zuzentzen duen Sailak jakinarazi duenez, egungo egoera gorabehera, "Egoitzetako bisitak eta irteerak berreskuratzeko" lanean ari dira, eta egoera horri aurre egingo zaio Foru Erkidegoan egoera epidemiologikoak hobera egiten duenean.

Bestalde, konfinatutako ikasleak 1930 dira, hau da, sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 3,11.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (5)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (2)