Koronabirusa
Maskara kirurgikoaren prezio berria Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute
Agentziak | Erredakizioa
0,72 euro balioko dute, eta merkatuko prezioen eboluzioaren arabera, prezioa berrikusteko aukera egon daiteke.
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur argitaratu du maskara kirurgikoen prezio berria, Medikamentuen Prezioak aztertzen dituen Ministerio arteko Batzordeak berrikusi ondoren. Espainiako Gobernuak musukoei aplikatutako BEZa % 21etik % 4ra jaistearen ondorioz jaitsi dituzte prezioak.
BOEren arabera, gisa honetako neurriak ez dira berriak, apirilaren 22an Espainiako Osasun Ministerioak maskara kirurgikoen gehienezko salneurria 0,96 euroan mugatu baitzuen. 0,72 euroko prezioa izango du aurrerantzean, baina prezioa berrikusteko aukera egongo da, merkatuko prezioen eboluzioaren arabera.
Hasiera batean, Europako Batzordeak isuna jarriko ziola argudiatuta, Pedro Sanchezen gobernuak ez zuen BEZa jaitsi nahi izan, Italian, Frantzian eta Portugalen erabaki hori hartu bazuten ere. Kolektibo sozialek eta oposizioko zenbait alderdik merkatzea eskatu zuten Parlamentuan, musukoak lehen mailakoak eta derrigorrezkoak zirela azpimarratuz.
Azkenean, Espainiako Gobernuak zerga jaistea onartu zuen, Europar Batasunak isunik jarriko ez ziola baieztatu eta gero.