Donostia
Donostiako Zubieta kalean beste zulo bat agertu da
EITB.EUS
Eneko Goia alkatearen arabera, "ekaineko gertakariaren beste adierazpen bat da, zuhurtzia guztiarekin esanda". Metroko lanen arduradunei neurriak eskatu dizkie.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako Zubieta kalean, Londres hotelaren parean eta Topoaren lanen ondoan, beste zulo bat —bi metroko diametroduna— agertu da gaur goizean.
Eneko Goia Donostiako alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, Donostialdeko Metroaren langileek eurek topatu dute zuloa eta jakinaren gainean jarri dute Udala, 08:00ak aldera. Udal teknikariak berehala joan dira Zubieta kalera, "zer gertatzen ari zen aztertzera eta hartu beharreko neurriak hartzera".
Goiaren esanetan, Euskal Trenbide Sareak (ETS) egingo du txostena, "egoera honetan eskatu ahal diren xehetasun guztiekin". Aurreratu ahal izan duenez, "ekaineko gertakariaren beste adierazpen bat da, eta zuhurtzia guztiarekin diot hori".
Ildo horretan, Donostiako alkateak "neurri eta berme guztiak" eskatu dizkie Donostialdeko Metroa egiten ari diren enpresei, "donostiar guztiak lasai egoteko, eta segurtasuna % 100koa izateko".
Zubieta kaleko bizilagunei, bestalde, "lasai" egoteko esan die Goiak. "Etxebizitza horiek uneoro monitorizatzen ari gara. Une honetan ez dute beldurrik eduki behar. Esan didate etxebizitzak ondo daudela", erantsi du.
Zuloa agertu eta berehala itxi dute Zubieta kalea, eta ibilgailuak ezin dira bertatik pasatu. Horren ildoan, DBusek jakinarazi du kale horretatik igarotzen diren linea guztietan aldaketak egingo dituztela:
¿ #AzkenOrdukoa
— DBUS (@dbusdonostia) November 17, 2020
¿ 5, 16, 18, 25, 33, 40 eta 45 lineak.
¿ Gaurtik aurrera eta besterik jakinarazi arte
¿ Zubieta kalean lanak direla eta, Zubieta 14 geltokia Arrasate eta Manterola kaleen arteko izkinara lekualdatzen da.
¿ https://t.co/dR1cU7gWa9@DonostiakoUdala pic.twitter.com/hxa97oWxKU
Ekainean beste zulo bat
Ekainaren 5ean 20 metro kubikoko zuloa agertu zen kale berean, Mirakontxa-Easo tartean egindako lanen ondorioz. Orduko hartan, hiru eraikin jendez hustu behar izan zituzten. Gainera, gerora jakin denez, tarte horretan izandako arazoak konpontzeak 53,2 milioiko gainkostua ekarriko du. Horrenbestez, Donostialdeko Metroa ez da iragarri zuten urtean (2022) martxan egongo, eta 2024ko bigarren seihilekoan inauguratuko dute.
ETSk aurrekoarekin lotu du
Ernesto Martinez de Cabredo Euskal Trenbide Sarearen (ETS) zuzendariak esan du gaurko zuloa aurrekoarekin "egon daitekeela" lotuta, ekainaren 5ekoari erreferentzia eginez.
ETSk gogorarazi duenez, gaur egun, Zubieta kaletik gertuen dauden lanak geldirik daude ekainetik, baina kontrako noranzkoan Easoko geltokia eraikitzeko sarbideko lanak egiten ari dira, Xabier Zubiri plazan hain zuzen ere.
"Zain asko dituen arroka bat da, ur asko sortzen duena, eta ur horrek batzuetan hondarra mugitzen du", zehaztu du.
"Morteroarekin ari gara eremua egonkortzen egoera kontrolatzeko", gaineratu du ETSren arduradunak, eta argitu du ekainaren 5ean "hondarra mugitu" zela eta horrek "eragina izan dezakeela etorkizunean", "ikusi" den moduan, baina arazo horiek "neutralizatzen" ari omen dira.
Martinez de Cabredoren esanetan, inguruko eraikinak "etengabe" ari dira gainbegiratzen eta "mugimendu guztiak kontrolatzen ditugu, zimenduengan eragina izan dezakeen oro, eta oraingoz ez dago kalterik".
EH Bildu, Podemos, LAB eta Satorralaiak lanak gelditzea eskatu dute
Donostiako Udaleko EH Bilduren eta Podemosen udal-taldeek, LAB sindikatuak eta Satorralaia plataformak Donostialdeko Metroaren lanak gelditzea eskatu dute.
EH Bilduk Goia kritikatu du, "ingurua segurua zela" defendatu ostean, ez duelako "inolako ardurarik beregain hartu", ETSk, Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola Garraio kontseilariak bezalaxe.
Aitzole Araneta Podemosen eledunak lanetan "pauso gehiago ez emateko" deia egin du, premiazko auditoria bat egin eta "lardaskeria argitzen" den arte.
LAB sindikatuak esan du metroaren lanak "arriskutsu bihurtu direla langileen segurtasunerako, eta azpimarratu du azkeneko zuloak agerian uzten duela "tunelaren eremua egonkortzeko gaitasun eza".
Satorralaia azpiegituraren aurkako plataformak adierazi du arazoek agerian utzi dutela proiektua "hiri lurzorua eta Amara auzoa ezegonkortzeak duen arriskuak kontuan izan gabe" egin dutela.