Itxi

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak lanean COVID-19a arakatzeko programa sortu du

EITB.EUS

Leer en Castellano

Osalanek prestakuntza tekniko epidemiologoko 12 pertsona kontratatuko ditu, lau lurralde bakoitzeko, COVID-19aren lan-arloko miaketarako.

Osalaneko langileen ia herenak COVID-19aren arakatzean lan egiten du. Argazkia: pexels.com

Gobernu Kontseiluak Euskadiko COVID-19aren pandemiaren lan-arloko kasuak eta harreman estuak zaintzeko eta kontrolatzeko programa onartzea erabaki du. Osalanek garatuko du programa hori; hilabeteko iraupena izango du, eta 24 hilabetera arte luzatzeko aukera izango du, pandemiaren bilakaeraren arabera.

Horretarako, Osalango baliabideak indartuko dituzte, prestakuntza tekniko epidemiologoko 12 pertsona gehiago (lurralde bakoitzeko lau), eta 708.437,13 euroko aurrekontua izango du kontrataziorako.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, "COVID 19aren kasu positiboen miaketak lehen 24 orduetan egin behar zirenez, Laneko Osasun Unitateak guardia-sistemak ezarri zituen astean zazpi egunez. Sistema horiek gainezka egin zuten pandemiak abuztuan izan zuen bilakaeraren ondorioz, eta Osalanek beste arlo batzuetara jo zuen lan hori indartzeko".

Ordutik, Eusko Jaurlaritzak zehazten duenez, berrogeita hamar pertsona daude, erakundeko langileen ia heren bat, lan horietan dihardutenak, Unitatea osatzen dutenen bikoitza, eta prebentzio-zerbitzuekin koordinazio-lanak egiten ari dira miaketa- eta jarraipen-lan horietan, bai eta egoera eta kolektibo partikular batzuetan lan horiek egiten ere.

Horrenbestez, Gobernu Kontseiluak programa hori onartzea erabaki du, Osalanek egin behar dituen beste zeregin batzuk moteldu egin direlako eta "zaintza epidemiologikoaren zereginean murgildu diren langileen nekea eta lanaldiak metatu direlako", Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)