INARKERIA MATXISTA
"Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da"; Azaroaren 25erako leloa, Bizkaian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekimenak "ondoren indarkeria matxista sortzen duten eta batzuetan ikusi nahi ez diren jarrerak eta urratsak" daudela erakutsi nahi du.
Zenbaitetan indarkeria matxistaren aurreko urrats bat diren jarrera ikusezinak dira Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira abian jarri duen sentsibilizazio-kanpainaren ardatza, erakundeak jakitera eman duenez. Kanpainaren leloa ondorengoa da:"Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da".
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru diputatuak azaldu duenez, "indarkeria matxista sortzen duten jarrerak eta aurretiazko urratsak daude, eta batzuetan ez dira ikusi nahi", eta horrek "detektatzea eta geldiaraztea" eskatzen du.
Kanpainak lau esaldi ditu, hainbat une eta ingurutara bideratutakoak: "Hori da itxura! Probokatzeko egiten du... "," 'Like' ematen zien beste gizon batzuei", "Beste gizon askorekin hitz egiten zuen" eta "Beroaldi batean jo zuen, baina asko maite zuen". Alde grafikoari dagokionez, berriz, irudiak begi bat irudikatzen du, "ikusi nahi denari eta ikus daitekeenari "erreferentzia eginez.
Azaroaren 25a dela eta, ekimena komunikabideetan ari da hedatzen, formatu fisikoan zein digitalean, sare sozialetan eta kanpo-komunikazioan.
Ildo horretan, Metro Bilbaoko hainbat espaziotan ikus daiteke (kartelak, Berastegitik Abandora sartzeko eskailerak, San Nikolas geltokira sartzeko panelak eta PortaBarik), baita EuskoTrenen, Renfe aldiriko trenean eta Bizkaibuseko 32 autobusetan.
Horrez gain, 13 000 kartel eta pegatina egin dira dendetarako, eta ikusgai egongo dira baita ere Bizkaiko 71 kiroldegitan, Bizkaiko udaletxe guztietan eta Foru Aldundiaren bulegoetan, 160 osasun-zentro eta ospitale baino gehiagotan, 250 ikastetxe baino gehiagotan eta 500 elkarte eta erakundetan.
Athletic Club bezalako kirol erakundeen babesa ere jaso du kanpainak, eta datorren azaroaren 25ean San Mames argituko du leloak.
Gainera, 400 maskara banatuko dituzte ekimen honetarako diseinatutako irudiarekin.
Hona hemen kanpainaren bideoa:
AZAROAREN 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
— Bizkaia (@Bizkaia) November 18, 2020
Bada garaia identifikatzeko noiz justifikatzen edo ditugun eraso matxistak, zenbaitetan, gainera, emakumeei errua botata.
EZ IKUSI EZ DAGOENIK. INDARKERIA MATXISTA DA.#25NBizkaia pic.twitter.com/QrE613DWrf