Koronabirusa
Jaurlaritzak orain arteko neurri murriztaleei eutsiko die abenduaren 10a arte
eitb.eus
Neurriak "eraginkorrak" izaten ari direla uste du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. "Ondo goaz, baina ez gaude ondo", azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak argitu du abenduaren 10era arte orain arte ezarritako neurri murriztaileei eutsiko dietela, "eraginkorrak" izaten ari direlakoan. Hasiera batean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du abenduaren 5a arte izango zela luzapena, baina Jaurlaritzatik EITBri argitu diote 10era arte izango dela gutxienez.
Beraz, indarrean jarraituko dute EAEn eta udalerrian sartzeko eta irteteko mugak, 22:00etako etxeratze aginduak, jarduera sozioekonomikoak 21:00etara mugatzeak edo ostalaritza establezimenduen itxierak, besteak beste
Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen bileraren ostean Sagarduik azaldu duenez, "ondo goaz, baina ez gaude ondo; kasu asko ditugu, positibo tasa altua da"; horregatik, Iñigo Urkullu lehendakariak beste dekretu bat argitaratuko du bihar Aldizkari Ofizialean, beste 20 egunez neurri murriztaileei eusteko.
Larunbatean jarriko da indarrean dekretua eta abenduaren 10a arte iraungo du, printzipioz, hau da, abenduko zubia pasatu arte, eta pandemiaren egoeraren arabera eguneratuko dute data hori, Osasun sailburuaren esanetan.
Sagarduik gaineratu du datuak ez direla "neurriak arintzeko modukoak, ezta gogorragoak jartzeko modukoak ere". Hala, orain arte "hartutako erabakiak onak" izan direla iritzi dio. Horren harira, azpimarratu du datuen hobekuntza "neurri sorta osoari esker" izan dela, ez ostalaritza ixteagatik edo neurri jakin batengatik.
Sentsibilizazio kanpaina
Bestalde, sailburuak "esfortzua" eskatu dio euskal gizarteari birusaren zabalkundea gelditzeko, eta iragarri du sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dutela martxan, EAEko erakunde guztien babesarekin, "Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu nola saihestu" lelopean.
"Komunikabide sozialetan erakutsiko dugun kanpaina izango da, eta gaixotasun honek pertsonak ospitalera, ZIUra edo heriotzara eramaten dituela gogoraraziko du", azpimarratu du Sagarduik.
BIDEOA: Eusko Jaurlaritzaren sentsibilizazio kanpainako bideoa