Koronabirusa
Urkulluk argi utzi du aurtengo Gabonak "guztiz ezberdinak" izango direla
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, herritarrei eskatu die bizitza soziala mugatzeko, eta erronka gisa ezarri du gaur egun 100.000 biztanleko dauden 700 COVID-19 kasuetatik 300era jaistea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du aurtengo Gabonak "guztiz ezberdinak" izango direla, eta herritarrei eskatu die familiarteko zein lagunarteko bilerak "mugatzea", betiere, asko jota, sei pertsonako taldeak sortuta.
Halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileak gutxienez abenduaren 10era arte egongo direla indarrean, alegia, zubia bukatu arte, eta oraingoz baztertu egin du etxeko konfinamendua ezartzea, nahiz eta ez duen ukatu mahai gainean duten aukeretako bat dela, "badaezpada egoerak okerrera egiten badu".
Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketan, Urkulluk ziurtatu du jendea geroz eta diziplinatuagoa izan, orduan eta errazagoa izango dela neurri zorrotz horiei iskin egitea.
Ildo horretan, lehendakariak argi utzi du Gabonak ezingo direla "orain artekoak bezalakoak" izan, eta talde txikietan ibiltzeko deia egin die herritarrei. "Garrantzitsua da gure taldea osatuko duten sei pertsona horiek ondo identifikatzea", esan du.
Edozein modutan, azpimarratu du Gabonetan asko hazi ohi direla gripe kasuak, eta ondorioz gora egiten duela gaixotasun horrengatik ospitaleratutako pertsona kopuruak ere. Horregatik, gogorarazi du gripearentzako badagoela txertoa; "ez, ordea, koronabirusarentzako".
Horren aurrean, kezkatuta agertu da Urkullu, "bi birusekin bizi beharko dugulako", eta adierazi du kontingentzia planak behar dela osasun sisteman tentsioa dagoelako.
Erronka
Lehendakariak erronka gisa jarri du gaur egun EAEn 100.000 biztanleko dauden 700 COVID-19 kasuetatik 300era jaistea. Dena den, haren hitzetan, 60 kasura iritsi arte egoera ez da ona izango.
"Tasa hori nola jaitsi ari gara aztertzen", ziurtatu du.
Aurrekontuak
Abenduaren 15ean onartu behar dituzten euskal aurrekontuei buruz azaldu du, Jaurlaritzaren asmoa dela "babes handiagoa" lortzea. Horregatik, nahiko luke "EH Bilduk, hemen ere, Madrilen bezala jokatzea, eta kontuak babestea".