Itxi

Koronabirusa

COVID-19 pazienteetan remdesivir botika ez erabiltzea aholkatu du MOEk

Agentziak | Erredakzioa

Botikak kasu larrienen heriotza-tasa edo aireztapen mekanikoaren beharra murrizten duenik esateko frogarik ez dagoela ebatzi du nazioarteko aditu talde batek orain.

Gilead AEBeko enpresaren remdesivir botika. Artxiboko argazkia: EFE

Remdesivir sendagaia ospitaleetako COVID-19 pazienteetan ez erabiltzea aholkatu du gaur Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Eritasunari aurre egiteko tratamendu nagusietako bat izan da aurten, baina gaixoen egoeran hobekuntzarik sortzen ez duela uste dute adituek orain.

Botikak kasu larrienen heriotza-tasa edo aireztapen mekanikoaren beharra murrizten duenik esateko frogarik ez dagoela ebatzi du nazioarteko aditu talde batek. AEBeko Gilead enpresak ekoizten du produktua, eta aldez aurretik ebolaren kontra erabili zuten.

Erresuma Batuko Elkarte Medikoaren British Medical Journal aldizkariak argitaratu ditu emaitzak. COVID-19arekin ospitaleratutako 7.000 pazienteetan lau entsegu egin eta datuak aztertu dituzte adituek.

Botikak "ez du eragin esanguratsurik hilkortasunean edo pazienteen beste adierazle garrantzitsu batzuetan, hala nola, aireztapen mekanikoaren beharra edo hobera egiteko denbora tartea", azpimarratu dute adituek.

Remdesivir sendagaiak pazienteei mesederik egiten ez dienik ez du ondorioztatu ikerketak, argitu dutenez, baina ez erabiltzea aholkatu dute, botikak kostu handia duelako eta osasunean ere kalteak eragin ditzakeelako; izan ere, zain barneko injekzioa da.

Horregatik, zehaztu dutenez, sendagaiarekin entsegu klinikoak egitea babesten dute, horietako batzuk MOEk bere garaian babestuta. Horrela, paziente talde espezifikoetan frogatzen jarraitzea eskatu dute, datuak biltzeko.

Duela hilabeteak COVDI-19 kasu larrietan dexametasona erabiltzeko gomendioa eman zuen MOEk, nazioarteko merkatuan oso eskuragarria den kortikoesteroidea delako. Orain arte emaitzarik onenak eman dituen tratamendua da.

Albisteak (3)