KORONABIRUSA
SARS-CoV-2aren aurkako antigorputzak atzeman dira gaixotu eta hiru hilabete geroago
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ISGlobalek eta Clinic ospitaleak egindako ikerketaren arabera, IgM eta IgA motako antigorputzak azkar desagertzen dira; IgG motakoek, berriz, gutxienez hiru hilabete irauten dute infektatu ostean.
Ikerketa batek SARS-CoV-2aren aurkako antigorputzak atzeman ditu infekzioa hartu eta hiru hilabetera. Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak (ISGlobal) eta Bartzelonako Clinic ospitaleak egindako azterketaren helburua birusaren aurkako antigorputz ezberdinen iraupenari buruzko informazioa ematea izan da, bai eta berriro infektatzeko dauden aukerei buruzkoa ere.
ISGlobalek adierazi duenez, pandemia hasi zenetik gehien errepikatu diren galderak bi izan dira: zenbat jende kutsatu den eta kutsatutako pertsonek etorkizunean berriro infektatzeko arriskurik duten. Galdera horiei erantzuteko, Carlota Dobaño eta Alberto Garcia-Basteiro ikertzaileek SEROCOVI proiektua hasi zuten apirilean, Cliniceko 550 osasun-langileren eboluzioa jarraitzeko.
Emaitzen arabera, SARS-CoV-2 koronabirusaren kontrako IgA eta IgM motako antigorputzak berehala desagertzen dira, eta IgG motakoek, berriz, gutxienez hiru hilabete irauten dute infektatu ostean.
Infektatutako 66 osasun-langileri hiru hilabeteko jarraipena egin ondoren ikerketak erakutsi duenez, hirugarren hilabetean gehienek (% 78) ez dute IgM antigorputzen maila detektagarririk eta batzuek (% 24,5) ez dute IgA detektagarririk. Alabaina, gehienek (% 97) IgG antigorputzen maila detektagarriei eusten diete eta parte-hartzaile batzuen artean gora ere egin du, lehen hilabeteko datuekin alderatuta.
Gemma Moncunill ISGlobaleko ikertzaile eta ikerketaren lehen egilearen esanetan, emaitzek erakutsi dutenaren arabera, IgM eta IgA antigorputzak berehala erortzen dira infekzioaren osteko lehen bi hilabeteetan, eta hori "kontuan hartu behar da seroprebalentzia azterketak egiterakoan edo emaitza serologikoak interpretatzerakoan".
IgG antigorputzei dagokienez, ikertzaileak azaldu duenez, zenbat denboran detektatu ahalko diren ez badakite ere, emaitzen arabera, "gutxienez hiru hilabete ematen dituzte maila nahiko egonkorrean".
Hainbat antigorputzen konbinazioak baliatuz, SARS-CoV-2 koronabirusaren aurkako hiru antigorputz horiek aldi berean neurtzeko saiakuntza baten emaitzak ere argitaratu ditu taldeak. Horri esker, herritarren artean antigorputz mota gehiago eta maila txikiagoan atzeman daitezke.