Itxi

'Celaa Legea'

Euskal Hezkuntza lege berri bat onartzeko garrantzia azpimarratu dute alderdiek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAJrentzat Espainiako lege berrian "gurasoen hautatzeko askatasuna" bermatuta dago, baina PP+Cs ez dago ados. EH Bilduk euskal eredua lege horretan "sartzea" bilatu beharko dela esan du.

Leiuri Arrizabalaga eta Iker Casanova, 'Parlamento en las Ondas' saioan. Argazkia: Radio Euskadi

Legebiltzarkideek Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan eztabaidatu dute Diputatuen Kongresuan onartutako Espainiako Hezkuntza Lege berriaz (LOMLOE), Celaa Legea izenaz ere ezagutua.

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidearentzat LOMLOE ez da jeltzaleen legea, alde bozkatu duten arren, eta "Eusko Legebiltzarrean egingo den euskal hezkuntzaren lege" baten alde egin du.

"Euskal hezkuntzaren gaineko akordio zabal bat beharko da, orain dela 40 urte gertatu zen bezala, erronka berriak daudelako eta erreminta berri bat behar dugulako. Horregatik, beste alderdi politikoei, hezkuntza komunitateari eta eragile guztiei parte hartzeko eta akordio bat lortzeko eskatzen diet, hezkuntza herrialde erronka bat delako".

Bestetik, uste du LOMLOE aurreko legearen (LOMCE) "harresiak botatzen dituela", "iragana baita", eta araudi berriarekin nazioaniztasuna eta hizkuntza ofizialak onartzea espero du, beste gaien artean. "Oinarri hauekin Hezkuntza lege berri batera aurrera egin genezakeela ulertzen genuen", esan du.

Azkenik, nabarmendu du euskal Hezkuntza sistema beste erkidegoetakoak baino "egoera hobean" dagoela, eta uste du LOMLOEren "oinarrian gurasoen hautatzeko askatasuna" aintzat hartzen dela; Eusko Jaurlaritzak "bermatzen jarraituko du".

EH Bilduko Iker Casanovak esan duenez, euskal eredua LOMCEren barruan "sartu" beharko da, eta azpimarratu du bere abstentzioa gertatuko zena "oso kontuan izanda" erabaki dutela.

"LOMCE indargabetzeko konpromisoa hartu genuen, eta lege berri honek hori suposatzen zuenez, ez dugu blokeatu nahi izan,  baina kontra egoteko elementuak bagenituen", esan du. EH Bilduren proposamenak onartu ez izana deitoratu du.

Zentzu horretan, Casanovak esan du lege berriak curriculum akademikoaren % 50 Estatuarentzat gordetzen duela eta "zentralizazio gradu handia onartzera" behartzen duela.

"XXI. mendera baino gehiago XX.era begiratzen duen lege bat da. Ez dio Finlandiari begiratzen, baizik eta 2005eko lege bati, erlijioa bezalako gaietan. Ez zaigu nahikoa iruditzen", esan du. Hezkuntza laikoa izan behar dela uste du.

PSE-EEko legebiltzarkide eta Gipuzkoako sozialisten presidente Eneko Anduezarentzat, Hezkuntza lege baten inguruan adostasun zabala lortzea "mirakulu bat" litzateke.

"Alderdi bakoitzak bere iritzia dauka, autonomia erkidego bakoitzak bezala. Adostasun zabala ezinezkoa da, baina ahalik eta handiena lortzen saiatu da. Gogor egin da lan, eta gai nabarmen batzuk daude, esaterako finantzazioaren hobekuntza, teknologia berriak hezkuntza erremintatzat hartzea, digitalizazioa eta heziketa pertsonalizatua", esan du.

Hizkuntza ofizialen defentsa ere azpimarratu du, eta esan du ez dela lurzorua emango "eskola pribatuek euren zentroak eraikitzeko". "Jauzi kualitatiboa ematen duen lege bat da", esan du.

Bestalde, legebiltzarkide sozialistak espero du hurrengo euskal legeak ere "ahalik eta adostasun zabalena" lortzea.

Elkarrekin Podemos-IU taldeko Isabel Gonzalezentzat lege berria "aurrerapena da, eta Euskadi arazo handirik gabe euskal lege batera heltzea ahalbidetzen du". "Sistemaren oinarriak berriz aztertzeko eta hezkuntza publikoaren, inklusiboaren eta kalitatezkoaren aldeko apustu argia egiteko ordua da".

Gainera, gogorarazi du EAEn "ikasleen % 51 eskola publikora doa eta besteak itunpekora, eta hori fenomeno deigarria da". "Azkenean, itunpeko hezkuntza finantzaketa publikoa duten eskola pribatuak dira, eta lege honek indartzen du baliabideak publikora joatea", bukatu du.

PP+Cs taldeko Laura Garridok esan duenez, LOMLOE "atzerapauso argia" da aurreko Wert Legearekin alderatuta, eta ohartarazi du "hezkuntza komunitatearen adostasunik gabe eta Estatu Kontseiluaren txostenik gabe" sortu dela.

"Hezkuntza askatasuna bermatzea bezalako eskubide konstituzionalaren kontra doa. Lege honek gurasoek gaztelania hautatzeko eskubidea ere urratzen du", salatu du.

Bere ustez, ez zaie gizartearen erronkei erantzunik ematen, eta "uniformetasuna ezartzen da eta ikasleak itunpeko hezkuntzara joatea ekiditen saiatzen da".

"Nire buruari galdetzen diot zer egiten ote duen EAJ bezalako alderdi batek gurasoen eskubideak murrizten, euren seme-alaben hezkuntza hautatu ezin dezaten, Euskadin gurasoen % 50etik gora ikastolak ere barnean dauden itunpeko hezkuntza aukeratzen dutenean", esan du.

Albisteak (1)