Itxi

KORONABIRUSA

Txertoa jartzeko 13.000 toki eta estrategia bakarra iragarri ditu Sanchezek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Txertaketa egitasmoaren puntu nagusiak aurreratu ditu Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. “Han edo hemen bizi” herritar guztiek “erabateko eskuragarritasuna” izango dutela ziurtatu du buruzagiak.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Argazkia: EFE

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak igande honetan iragarri duenez, Espainiak COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko 13.000 toki izango ditu, eta Estatu osoan estrategia bakarra.

Txertaketa egitasmoaren nondik norako nagusiak aurreratu ditu Sanchezek, Moncloa jauregian egindako agerraldian. “Han edo hemen bizi” herritar guztiek “erabateko eskuragarritasuna” izango dutela ziurtatu du buruzagiak.

14 egunetan koronabirusaren intzidentzia 100.000 biztanleko 400 kasuen azpitik kokatu dela jakinaraziko du Espainiak astelehenean, Exekutibo zentraleko buruzagiak goraipatu duenez. Sanchezen hitzetan, datuak alarma egoeraren eraginkortasuna agerian uzten du.

Gobernuburuak azpimarratu duenez, Espainia Alemaniarekin batera, txertaketa egitasmoa prest duen herrialde bakarra da. Europar Batasunak 1.200 milioi dosi eskuragarri jarriko ditu, dagoeneko txertoa erosteko sinatu dituen bost kontratu ezberdinen bidez. Horietako % 10 Espainiari dagozkiola esan du Sanchezek.

Txertaketa planari dagokionez, bost puntu nagusiak azaldu ditu Sanchezek. Zentzu horretan, Espainiak txertoa jartzeko 13.000 izango dituela adierazi du. Ministroen Kontseiluak asteartean onartuko du egitasmoa.

“Urtero Espainian 10 milioi pertsonak gripearen aurkako txertoa jasotzen dute. Horregatik, Osasun Sistema Nazionala helburua lortzeko prest dago. Adibide bat: aurten, zortzi astetan, 14 milioi pertsonari txertoa jarri diote”, gogorarazi du Sanchezek.

"Aurten, zortzi astetan, 14 milioi pertsonari gripearen aurkako txertoa jarri diote"

Bestalde, lehentasunezko talde guztiek txertoa eskuragarri izatea bermatuko dute; horretarako, txertaketa estrategia bakarra adostuko dute. Aditu talde batek zuzenduko du txerto kanpaina. Erkidegoetako, Lurralde arteko Kontseiluko eta bioetikako adituek osatuko dute lantaldea.

Espainiako Osasun Sistema Nazionalak, Lehen Arretan oinarritua eta unibertsala, txertoaren bidezko banaketa bermatuko du, osasun zentroen bidez. Azkenik, informazio eta erregistro sistema bat egongo da, txertaketaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Logistikak txertoa kontserbatzeko, “beharrezko tenperatura bermatzeko” lanean ari direla ziurtatu du Sanchezek; izan ere, Pfizer konpainiaren txertoak zeroz azpitik 70 graduko tenperatura behar du.

Erkidegoetako osasun zerbitzuak eta osasun sistema nazionala indartzeko profesionalen lanpostuak “10.000raino” areagotzeko konpromisoa agertu du Espainiako Gobernuak.

“Erakundeen konpromisoa oso sendoa eta irmoa da; osasun publikoarekin Gobernuak duen konpromiso iraunkorra berrindartuz. COVIDaren aurkako osasun egitasmoetan soilik, gure herriak EBren batezbestekoa bikoizten du. Pertsonako 120 euro inbertitzen ditugu. Horrek eta txertaketa planak harro sentiarazi behar digute”, nabarmendu du Sanchezek.

 

Albisteak (5)