Genero indakeria
Sexu indarkeria jasaten duten emakumeen % 48k ez dute "erabateko laguntza" jasotzen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amnistia Internazionala erakundeak salatu du emakume askok ez dutela nora jo, eta, horrenbestez, ez dutela osasun arretarik eta laguntza psikologikorik jasotzen.
Amnistia Internazionala (AI) gobernuz kanpoko erakundeak astelehen honetan jakinarazi du sexu indarkeria jasaten duten emakumeen % 48k ez dutela "erabateko laguntza" jasotzen. Horregatik, indarkeria mota horri eta berorrek dakartzan ondorioei aurre egiteko berariazko aurrekontuak eskatu ditu.
Azaroaren 25ean Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Amnistia Internazionalak salatu du sexu indarkeriaren biktima askok ez dutela nora jo, eta, horrenbestez, ez dutela osasun arretarik, laguntza psikologikorik eta gertatutakoa salatzeko aholkurik jasotzen.
Horregatik, erakunde horren ustez, Espainiako Gobernua prestatzen ari den sexu askatasunarekin lotutako lege berriak gisa horretako indarkeriaren biktimak babestea izan beharko luke helburu.
Horretarako, "beharrezkoa da aurrekontuen zati bat horretara zuzentzea, gaur egun bost milioi euro soilik bideratzen baitituzte sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko", kritikatu du AIk.
Dena den, erakunde horrek onartu du azkenaldian hobera egiten ari dela biktimenganako arreta zerbitzua, Asturiasen eta Madrilen, adibidez, asteko egun guztietan 24 orduko zerbitzua ezarri baitute.
Euskadin ere bada bikote harremanetik kanpo sexu indarkeria jasan duten emakumeei zuzendutako arreta psikologikoa.