Koronabirusa
Sputnik V txertoak % 95etik gorako eraginkortasuna du, bigarren azterlanaren arabera
agentziak | erredakzioa
Gainera, 10 dolarretik beherako kostua izango du eta erraza izango da edonora garraiatzea, deshidratatzeko aukera ematen duelako.
Sputnik V txertoak % 95eko eraginkortasuna eman zuen lehenengoa dosia jaso eta 42 egunera, eta 10 dolarretik beherako kostua izango du, Gamaleya Zentroak eta Errusiako Inbertsio Zuzenen Funtsak (FIDR) jakitera eman dutenez.
Bigarren azterketaren lehenengo datuen arabera, txertoaren eraginkortasuna % 91,4koa da dosia eman eta 28 egunera.
Horren harira, azterketa klinikoetan ondorioztatu zen, % 91,4ko eraginkortasunarekin, 39 pertsona kutsatu zirela, baina horietako 31k plazeboa jaso zuten, eta 8k soilik txertoa.
Guztira, 14.095 boluntariok jaso zuten txertoa, eta 4.699k, plazeboa, ohar ofizialaren arabera
Gaur egun 40.000 boluntario ari dira hirugarren fasean parte hartzen, eta 22.000k lehenengo dosia jaso dute, eta 19.000k lehenengoa eta bigarrena.
Azterketetan, aditu errusiarrek ez dute "ezusteko" albo kalterik atzeman txertoa jaso duten boluntarioen artean.
10 dolar baino gutxiago
FIDRek azpimarratu du prezioa 10 dolarretik beherakoa izango dela, hau da, mRMA erabiltzen duten txertoen (Moderna eta Pfizer) erdia.
Gainera, deshidratatutako txertoen ekoizpena martxan jarri du Errusiak, liofilizazio teknologiaren bitartez, eta horrek nabarmen erraztuko du garraioa, baita leku apartatuenetara ere.
Atzerriko merkatura zabalduko duten Sputnik Ven lehenengo partida 2021eko urtarrilean iritsiko zaie bezeroei, dagoeneko sinatu dituzten akordioen arabera.