Akordioa
Loiolako kuartelen lursailak Donostiako Udalaren esku geratuko dira 2021ean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurrekontuekin lotutako akordioa hitzartu dute EAJk eta Espainiako Gobernuak, eta horren bidez adostu dute kuartelen lekualdaketa.
Donostiako Loiola auzoko kuartelak Udalaren esku geratuko dira 2021ean, eta, beraz, lursail horiek beste proiektu batzuetarako erabili ahalko dituzte aurreratzean.
Odon Elorza (PSE-EE) alkate zenetik, Donostiako Udalak behin eta berrio eskatu die Espainiako Gobernuko Defentsa ministroei lursail horien lekualdaketa, baina orain arte ez dute inoiz baiezkorik jaso. Hasiera batean, Euskadik garai hartan bizi zuen egoera politikoa izan omen zuen oztopo. Geroago, arazoak izan zituzten instalazio militarrentzako leku egokiren bat aurkitzeko.
Eskutzaizetako poligono berrira lekualdatzeko aukera aztertu zuten lehenik. Han, erraustegia eta Gipuzkoako ingurumen gunea daude kokatuta, eta aurreikusitakoaren arabera hantxe eraikiko dute Martutene itxitakoan irekiko duten espetxea ere. Madrilek, baina, ez zuen toki hori begi onez ikusi.
Horregatik, Antondegi inguruan edo Donostiako Hipika Elkartearen lursailak proposatu zituzten bigarren aukera gisa, baina horietan ezin izan zituzten segurtasuna eta langileen ongizatea bermatu.
Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) 2011n alkatetza hartu zuenean, Elorzaren bidea jarraitu zuen, Loiolako lursailen eskualdatzea lortzeko asmoz. Dena den, asmoa bete gabe bukatu zuen hark ere legealdia.
Azkenean, 2015ean Eneko Goia jeltzalearen esku geratu zen urteetan zehar Udalak borrokatutako erronka, eta litekeena da datorren urtean bukatutzat ematea aspaldi hasitako prozesua.
Izan ere, Estatuko aurrekontu orokorretan negoziatuko dute afera, Pedro Sanchezen gobernuarekin.
Edonola ere, Defentsa Ministerioak iragarri du akordioak akordio, armada ez dela Donostiatik aterako.