Itxi

Koronabirusa

Euskadin 97 hildako izan dira COVID-19aren eraginez azken astean eta Nafarroan 48

EITB.EUS

Leer en Castellano

Kutsatze tasa % 5,6ra jaitsi da EAEn eta % 3,6ra Nafarroan, azken orduetan 693 eta 106 positibo atzeman ostean.

Hainbat pertsona Gasteizko kale batetik. Argazkia: EFE

Euskadin 97 pertsona hil dira azaroaren 16tik 22ra koronabirusaren ondorioz, aurreko astean baino 14 gehiago. Gainera, joan den asteartean 693 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 83 gehiago, baina positiboen tasa % 5,6ra jaitsi da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera, 12.311 PCR eta antigeno proba egin dituzte astearte honetan, aurreko eguneko 9.676 proben gainetik. Horietatik 693 positiboak izan dira, astelehenean 610 izan ziren, baina positiboen tasa jaitsi egin da bi egun horien artean, % 6,3tik % 5,6ra.

Kasu positibo guztietatik, proben % 50,4 COVID duten pertsonen kontaktuak izateagatik egin ziren, eta % 32,7 sintomak izateagatik, azken zazpi egunetako ehunekorik txikiena. 

Astearteko datuekin, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 604,25 kasu izan dira Euskadin. Batez besteko horren gainetik, Gipuzkoa dago, 785,70 kasu pilatu baitira; Bizkaiak 518,19ko tasa du, eta Araba 500 kasuen (459,50) azpitik daog.

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 1 baino txikiagoa da, zehazki, 0,76, Euskadi osoan. Bestalde, oinarrizko ugalketa-kopurua, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 0,79 da.

305 positibo berri zenbatu ditu Bizkaiak astearte honetan, aurreko egunean baino 30 gehiago; Gipuzkoan 275 kutsatze berri atzeman dituzte, hau da, 40 gehiago; eta Araban 101 positibo berri, 14 gehiago. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen 12 kasu positibo erregistratu dira, astelehenean baino bederatzi gehiago.

Azaroaren 16tik 22ra bitarteko astean pilatutako datuak aztertu ostean, Osasun Sailak ondorioztatu du 97 heriotza izan direla COVID-19a zuzeneko kausa gisa, azaroaren 9tik 15era bitarteko astean baino 14 gehiago.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Ospitaleak

EAEko ospitaleetan 53 gaixo ospitaleratu dituzte astearte honetan, aurreko balantzean baino bost gutxiago, eta 417tik 412ra jaitsi da ospitaleratutako pertsonen kopurua. Gaur egun 142 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, astelehenean baino bi gehiago. 

Ikastetxeen egoerari dagokionez, aurrez aurreko jarduera etenda dago Geroa Waldorf Eskola arabarrean. Bertan, ia ikasle guztiak harreman estutzat hartzen dira; izan ere, dirudienez, esparruan ez zen maskara erabiltzen COVID-19aren aurkako prebentzio-metodo gisa.

Guztira 93 gela itxi dituzte 63 ikastetxetan, aurreko egunean baino 31 eskola gutxiago, hau da, hezkuntza-sistemak ikasturte honetan dituen 17.554 gelen % 0,53. Zentroek ere behera egin dute, atzo 79 baitziren.

Osasun Sailaren arabera, pandemiak "aldeko" bilakaera izan du Euskadin, eta beheranzko joera izan du; izan ere, beheranzko "malda nabarmena" du, eta datozen egunetan horri eustea espero du.

Erresidentziak

Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan beste 30 positibo antzeman dituzte azken orduetan, baina ez da heriotzarik izan, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

19 pertsona sendatu dira eta 77 ingresatuta daude. Egun, 171 adineko daude koronabirusarekin Gipuzkoako erresidentziatan. Bigarren olatu hasi zenetik 78 lagun hil dira eta 264k koronabirusa gainditu dute.

Heriotzek gora egin dute Nafarroan

Koronabirusa kontrolpean edukitzeko, positibotasun tasa % 5ean egotea gomendatu du Munduko Osasun Erakundeak. Bada Nafarroak maila horretatik behera kokatzea lortu du berea astearte honetan: % 3,5ean, hain justu. 2.940 proba eginda, 106 COVID-19 kasu atzeman ditu azken orduetan. Hala ere, COVID-19k eragindako heriotzak 34tik 48ra igo dira.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 14 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, hiru zainketa intentsiboetako unitatean, eta 64 eta 97 urteko gizon baten eta emakume baten heriotzak erregistratu zirela, hurrenez hurren. Gainera, 86 urteko emakume bat hil dela jakinarazi dute. Beraz, COVID-19ak eragindako heriotzen kopurua, guztira, 855 da.

Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 31 daude, Tuteran % 28 eta Lizarran % 22; gainerako positiboak (% 19) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, aipatzekoa da bakar batek ere ez duela 10 kasu baino gehiago izan (asteon lehen aldiz gertatu da hori). Viana da denen buru, bederatzi kutsatzerekin, ondoren datoz Cintruenigo (zazpi), Tutera Ekialdea (sei) eta Burlata eta Lizarra (bost). Azkenaldian positibo gehien izan dituzten Iruñeko auzoetan, Txantrean edo Arrotxapean kasu, asko jaitsi da intzidentzia.

COVID-19ak kaltetutako Osasun Sistema Publikoko profesionalei dagokienez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, gaur egun 82 positibo aktibo daude eta azken astean 34 kutsatze berri izan dira.

Adin-tarteen araberako kasu berrien banaketari dagokionez, 30-44 urtekoen taldea da nagusi (% 27), 45-59 urtekoen taldea (% 20) eta 15-29 urtekoen eta 15-29 urtekoen taldeak (% 14), hurrenez hurren. Ondoren, 75 urtetik gorakoen taldea dago, % 13rekin, eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea, kasuen % 12rekin. Kasu berrien batez besteko adina 42,2 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 60 emakumeak dira eta % 40 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 209 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 12 gutxiago), horietatik 39 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino bi gutxiago) eta beste 18 etxeko ospitaleratzean (atzo baino 7 gutxiago). Gainerakoak, 152 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 38.895 da Nafarroan.

Osasun Departamentuak iragarri du malgutu egingo dituela COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriak, urriaren 21ean onartuak eta geroago aldatuak, kulturaren esparruko edukiera eta ordutegi jakin batzuei dagokienez, bai eta haur-parkeei eta aire zabaleko erabilera-eremuei dagokienez ere.

Hala ere, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aurreikuspen bat egin du datozen asteetarako, eta adierazi du ingurumen-baldintzek aldeko izaten jarraituko dutela COVID-19aren zirkulaziorako, eta, beraz, edozein unetan berraktiba daitekeela transmisioa prebentzio-neurriak arintzen badira. Negua oraindik hasi ez denez, denbora dago COVID-19aren hirugarren olatu bat sortzeko, baita beste arnas birus batzuen olatuak ere, hala nola VRSa eta gripea.

Populazioan pertsona immuneen proportzioa oraindik txikia bada ere, ingurune jakin batzuetan eta funtsezko taldeetan birusaren hedapena moteltzeko adinako mailak lor ditzake, eta, ondorioz, uhin epidemiko berriak leunagoak izan daitezke. Txostenak nabarmentzen du, halaber, gaur egun indarrean dauden neurrien beheraldia eta interakzio sozialeko dinamiketan eragiten duten egoerak, hala nola Gabonetan, transmisioan eragina izan dezaketen une kritikoak direla.

Azken asteko datuak Nafarroan

Azaroaren 16tik 22ra bitarteko asteari buruzkoan, 963 kasu baieztatu dira PCR edo antigeno bidez (146 100.000 biztanleko), eta % 36ko beherakada nabarmena izan da aurreko astearen aldean. Kasu berri horien % 66 sintomatikoak ziren, eta % 73 baieztatutako beste kasu batzuetako kontaktuak izan ziren. Kutsadurek behera egin dute transmisio-eremu ohikoenetan. Hala ere, etxebizitzarena da ohikoena (% 49), eta haren atzetik datoz infekzioaren jatorria ezagutzen ez dutenak (% 26) eta "beste batzuk" kategoria, lagunekin eta elkarrekin bizi ez diren senideekin izandako harremanak barne hartzen dituena (% 11). Lan- eta eskola-eremua kutsatzeen % 7,9rekin lotu zen.

Kasu berrien kopuruak behera egin du adin-talde guztietan; nabarmentzekoa da 75 urtetik gorakoen kopurua % 55 jaitsi dela, eta jaitsiera txikiagoa 5-14 urteko ikasleena (% 24).

Adin-taldeen arteko aldeak murriztu egin dira. Tasarik handienak 5 eta 14 urte bitartekoen taldean ikusten dira (200 100.000 biztanleko), eta txikienak 55 eta 74 urte bitartekoen taldean (105 100.000 biztanleko). 5 urtetik beherakoen % 82k eta 5 eta 14 urte bitartekoen % 59k etxean hartu zuten infekzioa; eskola-eremuan, berriz, % 5ek eta % 26k, hurrenez hurren.

Intzidentziak behera egin du hiru osasun-eremuetan, eta alde geografikoak murriztu egin dira. 100.000 biztanleko 125 tasa dute Iruñerrian, 164 Tuteran eta 197 Lizarran.

Ospitaleratzeak % 40 jaitsi dira, baina heriotzak areagotu egin dira

Bestalde, COVID-19k eragindako ospitaleratzeei dagokienez, azaroaren 16tik 22ra bitartean 80 ospitaleratze izan ziren COVID-19aren ondorioz, aurreko astean baino % 40 gutxiago (133). COVID-19ari egotz dakizkiokeen zainketa intentsiboetako unitateetan sartutakoak ere 17tik 5era jaitsi dira. Hala ere, COVID-19ak eragindako heriotzak 34tik 48ra igo dira, infekzioak berandu agertu direlako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (6)

Informazio gehiago (2)