Koronabirusa
EAE 6 pertsonako familia topaketen alde dago; Nafarroak 10era igotzea aztertuko du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak mugak irekitzeko aukera aztertuko du. Jaurlaritzak San Silvestre lasterketak debekatu nahi ditu. Gabonetarako plana datorren astean ezagutaraziko dute.
Espainiako Gobernuak pandemiari aurre egiteko Gabonetarako iragarri dituen neurriak babestu ditu Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, etxeratze-agindua 01:00etan ezartzea eta familia arteko topaketak gehienez 6 pertsonetara mugatzea proposatu du Pedro Sanchezen Exekutiboak.
Alabaina, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hainbat eskaera eraman ditu Estatuko erkidegoen arteko bilerara, neurri batzuk gehiago zehaztu behar direla uste baitu.
Horrela, bada, autonomietako mugen itxierari buruzko irizpideak bateratzea proposatu du Jaurlaritzak, eta Espainiako Gobernuaren plana "borondatezkoa" izan dadila galdegin du, erkidego bakoitzaren egoeraren arabera egokitu ahal izateko.
Etxeratzeko ordutegia babestu arren, Jaurlaritzak esan du arau hori hobeto azaldu beharko litzatekeela, argi gera dadin gaueko joan-etorriak etxera itzultzeko soilik ahalbidetuko direla, "eta inoiz ez ospakizunetarako edo eremu publikoan jaiak egiteko".
Halaber, senideen arteko topaketak sei pertsonatara mugatzeari buruzko testua nahasgarria dela adierazi du Jaurlaritzak, haurrak kontuan hartu behar ez direla uler daitekeelako.
Ildo berean, egun horietan ohikoak diren lagun edo lankide arteko bazkariak eta afariak ez egiteko gomendioa argi eta garbi zabaldu beharko litzatekeela uste du, topaketa horiek "ekiditeaz" hitzegin beharrean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak ere proposatu ditu, besteak beste, kirol ekitaldiak debekatzea -tartean San Silvestre lasterketak- eskatu du. Horrez gain, kabalgatak edo ekimen jendetsuak ez antolatzeko deia egin beharko litzatekeela erantsi du.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du koronabirusari aurre egiteko araudi berria. Neurriak ostegun honetatik abenduaren 16ra bitartean egongo dira indarrean, eta ondoren aztertuko dute Gabonetan zer egin.
Alabaina, Maria Chiviteren Exekutiboak aurreratu du Nafarroako mugak irekitzeko aukera mahai gainean jarriko dutela, baina zehaztu du erabaki hori inguruko erkidegoetako agintariekin koordinatuta hartuko luketela.
Halaber, Eguberrietan 6 eta 10 pertsona arteko familia-topaketak baimentzea aztertuko dutela iragarri du. Etxera itzultzeko gehienezko ordutegia, berriz, Espainiako Gobernuak proposatutakoa izango litzateke: 01:00ak.
Edonola ere, Nafarroako Gobernuak berretsi egin du proposamenak baino ez direla eta oraindik dena zehazteko eta erabakitzeko dagoela.
Astebeteko epea
Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak erkidego autonomoetako ordezkariekin gaur egin duen bilera akordiorik gabe amaitu da eta datorren astean elkartuko dira berriro Gabonetako plana adosteko.
Salvador Illa Osasun ministroak baieztatu du hainbat erkidegok beren ekarpenak eraman dituztela batzarrera eta datozen egunetan dokumentua osatuko dutela proposamen horiek kontuan hartuta.
"Plan horretan gomendio orokorrak biltzea da helburua, eta ondoren erkidego bakoitzak hartuko ditu erabakiak tokian tokiko osasun egoeraren arabera", zehaztu du. Dokumentua datorren asteko bileran onartuko dutela aurreikusi du Illak.
Gabonetarako neurriak proposatzerakoan gainerako herrialdeetan abian jarritako planak kontuan izango dituztela gaineratu du.