IRUZURRAK INTERNETEN
Internet bidezko iruzurrak areagotzen dira Black Friday egunean eta Gabonetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak ohartarazi du Black Friday egunean eta Gabonetan iruzur gehiago egiten direla, baita faltsifikatutako produktuak saltzen direla ere, eta horiek saihesteko hainbat gomendio eman ditu.
Black Friday eta Gabonetako erosketak egiteko egunak Internet bidez iruzurrak egiteko egun aproposak dira, Guardia Zibilaren arabera, eta faltsifikatutako produktuen salmentaz ere ohartarazi dute.
Guardia Zibilak zehaztu duenez, Internet erabiltzaileak engainatzeko tresnarik onena bihurtu da delitugileentzat. Black Friday eta Gabonetako erosketak egiteko erabili ohi diren egunetan gora egiten du iruzur kopuruak Internet bidezko merkataritzan, horren arabera.
Iruzurrak saihesteko gomendioak
Guardia Zibilak iruzurrak saihesteko aholku hauek kontuan izateko gomendatu du:
- Konfiantzazko lekuetan bakarrik erosi.
- Ospea egiaztatuta duten webgune ofizialak erabili.
- Konexio seguruak erabili: 'https' izan behar dute hasieran, ez 'http'.
- Ez sartu txartel-zenbakia zalantzazkoak izan daitezkeen webguneetan.
- Erabiltzailea babesteko politika duten ordainketak egiteko plataformak edo kreditu-txartelak erabili.
- Sen ona erabili, eta, zalantzarik izanez gero, ez ordaindu.
- Beste bezero batzuen iritziak irakurri; izan ere, balorazio negatiboek, iruzurren aipamenek edo susmatzeko moduko informazio faltak zalantzak argitzen lagun ditzakete.
- Internet bidez egindako erosketen dokumentu guztiak gorde.
- Erosketa egin ezean, ez eman txartelaren daturik.
- Ez bidali inoiz banku-daturik, dokumentazio pertsonalik edo argazkirik.
Produktuen faltsifikazioei dagokienez, jatorrizkoaren antza izan arren kalitate txikiagokoak direla esan du, eta pieza akastunak edo arauzko tamaina baino txikiagokoak izan ahal dituztela, baita substantzia toxikoak edo material kaltegarriak ere. Jostailuen kasuan, faltsifikazioek itotzeak, asfixia, deskarga elektrikoak eta sute arriskua eragin ditzaketela azpimarratu du.
Guardia Zibilak ohartarazi duenez, WhatsApp, sare sozial edo posta elektroniko bidez eskaintza oso erakargarriak jaso daitezke. Erabiltzailea existitzen ez diren denda faltsuetara edo domeinuetara bideratzeko tranpa izan daitezke, gaizkileek datuak eskuratzeko egindakoak.
Azkenik, esteka batean klik egiteko edo erantsitako fitxategi bat deskargatzeko eta datu pertsonalak eta bankuko datuak eskatzen dituzten mezu alarmistekin ez fidatzeko aholkatu du.